Urte hasiera benetan makurra izan dugu. Han eta hemen albiste txarrak baino ez zaizkigu iritsi: gerra hotsak, enperadore zaharminduaren harropuzkeriak, indarkeria matxistaren gordinak…
Horregatik, orain inoiz baino gehiago argiak behar ditugu eta ez deabruak; albiste positiboak, alegia. Eta asko daude gure inguruan. Elkartasuna, maitasuna eta elkarlana transmititzen dituzten esperientziak. Behatzeko gaitasuna behar da, eta espiritu librea.
Adibide xume bat: energia komunitateen esperientzia. Zer dira baina? Energia komunitateak energia garbia (fotovoltaikoa esaterako) ekoizteko eta modu justu, orekatu eta demokratikoan banatzeko herritarrek osatutako irabazi asmorik gabeko elkarteak dira. Proiektu horien atzean ez dago enpresarik, ez pribaturik (Iberdrola, Solaria, Ekiolak edo antzekorik), ezta publikorik ere (EEE/EVE Energiaren Euskal Erakundea). Ez. Soil soilik herritarrak daude, planetaren iraunkortasunarekin kezkatuta dauden pertsonak. Haiek ipintzen dute dena: borondatezko lana, beren ezagutza, beren gaitasun indibidual zein kolektiboak… Komunitatea osatzen dute. Hain modan dagoen ahalduntze hitzaren adibide garbia dira.
Dagoeneko Araban soilik une honetan —hurrengo asteetan abian jarriko direnak kontatuta— 47 energia komunitate daude. Gehien gehienak Arabako lurraldean (33) eta gainerakoak (14) Gasteizen bertan. Gero eta auzo gehiagotan daude: Salburuan, Ariznabarran, Txagorritxun, Aretxabaletan, Zaramagan… Oso izen esanguratsuak dituzte: Martxoak 8, Trikuharri, Allegra, Kemena…
Araban sortu zen lehena Erriberabeitikoa izan zen (2023an). Ehundik gora kontagailu daude komunitate horretan atxikiak. Proiektu herritar honetatik aparte, azken egunotan albiste izan da Ribabellosako administrazio batzarrak —udalaren iritziaren kontra— Solaria multinazionalaren eskutik bultzatu duen makroproiektua. Energia sortzeko eta kudeatzeko bi ereduen talka garbia da: herritarrek kudeatuta alde batetik, interes pribatuek bultzatuta bestetik.
Ingurumenak gero eta kezka gehiago sortzen digu. Horregatik garrantzitsua da egitasmo herritar hauetan parte hartzea. Interesatuta egonez gero, hona hemen Gasteizko Energia-Komunitateen Koordinadorak duen hitzordua: martxoaren 10ean, San Martin auzoko Bizanen, 18:00etan. Sarrera librea da. Baldintza bakarra eskatzen da: energia positiboz joatea.
Txema Ramirez de la Piscina.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.