Liburuxka turistikoetan agertzen den informazioa azpi-literatura da. Dena da eder eta zoragarri: hotelak, hondartzak, jendea, sukaldaritza, lekuak… Baina, askotan, irakurtzen dena baino garrantzitsuagoa da bertokoek kontatzen dizutena. Irailean La Palma uhartean izan gara. Hobeto esanda, Benahoaren. Izan ere, XV. mendera arte, bertoko jendeak horrela deitzen zion bere uharteari: Benahoare, amazigeraz, "nire lurra, nire aberria". La Palma konkistatzaileen izena da.
Uhartean geundela Tajogaiteko sumendiaren erupzioaren laugarren urtemuga bete zen. Bai, lau urte pasa dira. Eta ez, sumendiaren izena ez da Cumbre Vieja komunikabide gehienetan zabaldu zen bezala, baizik eta Tajogaite. Cumbre Vieja eremu osoaren izena da, baina erupzioa izan zuen sumendiak Tajogaite du izena. Izen horrek amazigeraz "mendi irekia" esan nahi du. Txango hori eremu murriztu batean dago. Ezin du nork bere kabuz bisitatu. Gida batekin soilik egin daiteke. Tokatu zitzaigun pertsonak bertatik bertara bizi izan zuen erupzioa. Nabari zitzaion. Hunkituta zegoen oraindik. Ahoan legarrik gabe azaldu zigun den-dena. Besteak beste, berak esplikatu zigun Tajogaite izena nondik zetorren, baita uharteak izan zuen azken buruzagi edo mencey aborigenaren historia ere. Tanausu zuen izena.
Espainiarrak, Fernandez de Lugo buru zutela, 1493an saiatu ziren uhartea konkistatzen. Oso zaila egin zitzaien. Tanausu eta bere taldea Caldera de Taburienten gotortuta zeuden, erresistentzia itzela egiten. Itun bat proposatu zioten. Menia bat. Tranpa zen. Tanausu hitz egitera joan zen, baina espainiarrek preso hartu eta penintsularako bidean jarri zuten. Itsasontzian zegoela, Tanausuk gose greba hasi zuen eta, horren ondorioz, hil egin zen, Espainiara ailegatu baino lehen. Nahiago izan zuen gosez hil, gatibu bizitzea baino. Horregatik, uhartean Tanausuren izena sakratua da. Los Llanos de Aridane herrian etorbide nagusiak bere izena darama eta El Pason beste kale batek ere. Tajoigatetik bertatik Caldera de Taburiente mendi lerroaren profilari begiratzen badiozue, bertoko jendeak hauxe esaten dizu: "Ikusten?, hor dago Tanausu, etzanda, eskuak tripa gainean jarrita. Lo dagoela dirudi". Benahoare eta Tanausu ez dira liburuxka turistikoetan agertzen. Jendearen gogoan, bai ordea.
Txema Ramirez de la Piscina.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.