Iritzia

Herostratoren sindromea

Erabiltzailearen aurpegia Txema Ramirez de la Piscina

Arg: PIXABAY

"Hauxe bota zidan ziplo, bat-batean: Herostratoren sindromeak jota dago Trump"

Kazetaritzan bada printzipio makur bat: errealitateak ez diezazula lerroburu eder bat izorratu! Arau hori ez dago idatzita, baina egunero dakusagu han eta hemen.

Gogoeta hau pasa den astean lagun batek egindako iruzkin baten haritik etorri zait gogora. Gizon laranjaren azken ahoberokeriez ari ginela, hauxe bota zidan: "Trump Herostratoren sindromeak jota dago". Glub! Jarraian argitu zidan bere epaia: "Bai motel, Herostratok su eman zion Artemisaren tenpluari soil-soilik fama lortzearren". Pasadizoa K.a. 365eko uztailaren 21ean gertatu zen, Efeson (Turkia). Artemisa Antzinaroko zazpi mirarietako bat zen, eta sute batek erabat suntsitu zuen. Lerroburu bezala, ederra da benetan: Trump Herostratoren sindromeak jota dago.

Nor izan zen piromano hura? Herostrato artzain apal bat zen, Artemisaren tenpluan biltzen ziren luxu eta pribilegioak miresten zituen pertsona. Bertsio ofizialaren arabera, inbidiak bultzatu zuen egin zuena egitera. Inbidiak eta ospe-goseak.

Istorioaren ertzetan arakatuz gero, hauxe deskubritzen dugu: Artaxerxes III. erregearen aginduz, Herostrato atxilotu eta gordinki torturatua izan zen. Eta gero, sufrikario horren ondorioz, aitortu zuen bere erruduntasuna. Ez hori bakarrik. Hil eta gero, bere desohorea betikotzeko, zigor erantsia ezarri zitzaion: damnatio memoriae legea; hau da, Herostratoren izena publikoki aipatzea galarazten zen. Helburua: historiatik betiko ezabatzea.

Gerora, ahots dezente altxatu dira Herostratoren erruduntasuna kuestionatuz. Aristotelesek, esaterako, uste zuen Artemisaren tenpluaren hondamena tximista baten eraginez izan zitekeela. Alperrik, baina: egun Herostratoren sindromea ospe-gosearen bila dabilen piromanoaren sinonimo da. Baliteke, berriz, Herostrato pagaburu bat baino ez izatea, historian zehar agintarien hutsak estaltzeko botereak erabili duen biktima errugabe bat.

Beraz, ez dut uste Herostrato eta Trumpen irudiak parekagarriak direnik. Gizon laranja su asko pizteko gai da; bai, zalantzarik gabe. Ospe-gose ikaragarria du; bai, ezbairik gabe. Baina ez da Herostrato bezalako jatorri umileko artzain bat, ezta pagaburua ere. Eta, gainera, Herostratoren erruduntasuna ez zen inoiz frogatu.

Donald askoz gehiago da: gizateria eta planeta bera hondamendira eramateko gai den harroputz miserable bat. Bully-aren irudi perfektua da, mutil kankailu liskartia, bere botereaz abusatu eta gainontzeko gelakideak umiliatzen gozatzen duen bele mokokaria.

Sentitzen dut, esan nion biharamunean lagunari, baina kasu honetan "errealitateak lerroburua izorratu dizu".

Txema Ramirez de la Piscina.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago