Urtemugak aitzakia onak dira. Norbaitek zerbait nabarmentzeko erabiltzen duen estrategia narratibo bat, besterik ez. ALEAren hamargarren urtemugak aukera eman digu atzera begiratzeko, hamarkada honetan gure lurraldea zertan aldatu den jabetzeko abagunea.
Ikus-entzunezko ekoizpenari dagokionean, bistan da Araba fikzioaren sorleku eta lekuko aparta izan dela. Hainbat filmek pausatu dute —zuzen edo zeharka— beren soa gure lurraldean azken hamar urteotan: Irati (2022), Maixabel (2021), Ane (2020), El silencio de la ciudad blanca (2019), Vitoria 3 de Marzo (2018) eta Errementari (2017), besteak beste. Aurten estreinaldi berezi bat espero da, David P. Sañudoren El Sacamantecas.
Azkenaldian, oroimenaren inguruan hainbat filme plazaratu dira gure artean. Bakoitzak badu bere ikuspuntua, bere joera; nabarmena kasu batzuetan, sotilagoa besteetan. Norberak jartzen du enfasia alde batean edo bestean. Zilegi da, noski, beti ere errealitatea faltsutzen ez bada. Dena den, atzera begiratze ariketa terapeutiko horretan eta gure kaleidoskopioa osatze aldera, faltan sumatu dut frankismoak gurean eragindako minari buruzko gogoeta kritikoago bat. Esaterako, gure artean badira zenbait arabar peto-peto eta, aldi berean, kriminal apartak izan diren pertsona batzuk. Horietako bat: Bruno Ruiz de Apodaka.
Nor izan zen Bruno Ruiz de Apodaka? Hainbat historiagileren iritziz, frankismoak Araban izan zuen hiltzailerik handiena. Polizia inspektore krudela izan zen. Pentsamoldez karlista, tradizionalista eta ultra katolikoa. Errepublikaren aurkako militante sutsua izan zen. 1932an, manifestazio faxista batean parte hartzen ari zela jaso zuen tiro baten ondorioz, herren gelditu zen. Bere amorrazio guztia gerora agertu zitzaion. 1936ko estatu kolpearen ondoren, hasiera-hasieratik lerratu zen frankisten aldera.
"Ezagutu zutenek diote berak hildakoen arimek jazarri zutela azken hatsa eman arte. Izuaren erraiak izango ziren"
Bere hasierako lanbidea umila izan zen oso: zapataria. Hor nonbait, zulatutako zapatak konpontzeaz aspertuta, laster aldatu zuen ogibidea. Faxisten garaipenaz oldartuta, berehala hasi zen gobernu berriarekin kolaboratzen. Polizia ikerketa-laguntzaile bezala hasi, agentea gero eta inspektore izatera ailegatu zen. Baina batez ere, Gobernuaren ordezkari Alfonso Sanz Gomezen konfiantzazko pertsona izan zen. Parte-hartze zuzena izan zuen errepresioan. Ez zuen damurik agertu. Areago, harro zegoen. Izan ere, publikoki aldarrikatzen zuen bera bakarrik gai izan zela 108 komunista, sozialista, anarkista, errepublikazale eta abertzale akabatzeko. Berak gidatutako sakak —kartzelatik atera eta inguru arrotzetan paseatu eta gero, preso politikoak hiltzeko antolatzen ziren ekintza estra-judizialak— izuaren sinonimo izan ziren frankismoaren lehen urteetan. Eta Araban, bera izan zen buru.
Ruiz de Apodakaren biktimen artean daude IR Izquierda Republicana alderdiko Teodoro Olarte Arabako Diputazioko burua, UR Union Republicana alderdiko Modesto Azkona diputatua eta Isaac Puente Arraia-Maeztuko mediku anarkista. Kriminal honi 1968an Arabako Diputazioak Merezimendu Zibileko intsignia eman zion. Orduko prentsa da haren lekuko. Oraindik domina ez diote kendu. Iraingarria da oso. Diputazio-buru demokratikoa zena akabatu zuen gizona Diputazio berak omendua. Memoria historikoa ez da horra iritsi, ezta demokratikoa ere. Instituzio beraren duintasuna dago jokoan.
ALEAk 10 urte bete ditu. Ramiro Gonzalezek ere beste horrenbeste urte bete ditu Arabako Aldundian. Noizbait biktima talderen batek eskatu dio Ruiz de Apodakari emandako intsignia hori kentzea. Ez da lortu, orain arte.
Ruiz de Apodaka ohean hil zen, duela 40 urte, 1985ean, 83 urte zituela. Ezagutu zutenek diote berak eraildakoen arimek jazarri zutela azken hatsa eman arte, mamuen artean garrasika.
Izuaren erraiak izango ziren. Paul Urkijok badu hurrengo filma egiteko gaia: Bruno zapataria.
Txema Ramirez de la Piscina.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.