Iritzia

Xabier, libre beti

'Xabier Sanchez Erauskin. Vida de un rebelde con causas' liburua.

"Askatasun gosea ipar eta izaera kritikoa ardatz izan ditu beti. Berezia eta trasnferiezina"

Joan den astean Euskal Kazetaritzaren urteroko gala izan zen Bilbon. Bertan ohoratu ziren profesionalen artean gasteiztar bat zegoen: Xabier Sanchez Erauskin, kazetaria, irakaslea eta gizarte ekintzailea. Bera izan zen lerroon egileari bere lehenengo kazetari lana agindu zion pertsona. Ohorezko Saria eman zioten. Sari horren bitartez, lanbidearen barruan egindako lan esanguratsua azpimarratzeaz gain, "kalitate pertsonal eta intelektuala" aitortu zaio.

Xabier Gasteizen jaio zen, 1935eko martxoaren 7an, gerra aurreko giro arras kutsatua sumatzen zen hirian. 40.000 pertsonatik gora bizi ziren "apaiz eta militarren hiri" hartan. Xabier jaio eta hamasei hilabetera, Gasteiz estatu kolpea eman zuten faxisten esku geratu zen.

Denetik egin du Xabierrek bere bizitzan: 50eko hamarkadan, Okinan apaiz. 60koan, Ternuako uretan, arrantzale. 70 eta 80koetan Madrilen eta Euskal Herrian gizarte ekintzaile eta kazetari eta 90ekoan Kazetaritzako irakasle EHUn. Egin egunkariak Gasteizen izan zuen lehen delegazio burua izan zen bera, baita Punto y Hora aldizkariko zuzendaria ere. Askatasun gosea ipar eta izaera kritikoa ardatz izan ditu beti. Horregatik sartu zuten preso Langraizko kartzelan 1983ko apirilean. Hamalau hilabetez izan zen itzalean. Bera izan zen Francoren ostean iritzi delitu bategatik kondenatua izan zen lehen profesionala. Audientzia Nazionalaren arabera "erregea iraintzeagatik" sartu zuten preso; bai, orain Saudi Arabiaren epelean goxo bizi den gaizkile ustel hori kritikatzeagatik.

Bera izan zen Francoren ostean iritzi delitu bategatik kondenatua izan zen lehen profesionala

Despistatu mundiala da bera, eta, aldi berean, metodiko ikaragarria bere artxibategian. Itxura narraseko jakintsua. Egitura zurrunetan deseroso dabilen akrata menderaezina. Pertsonaia barojiar petoa. Umoretsu eta abenturazalea. Bere nortasunaren bila errari dabilen pentsalari librea. Pikaro bihurriaren irria du oraindik. Berezia eta transferiezina.

Xabier gehiago ezagutu nahi duenak liburu honetan du aukera: Xabier Sanchez Erauskin. Vida de un rebelde con causas (2023, AFA). Jose Felix Azurmendik koordinatu du edizioa. Berea da pasarterik mardulena.

Zorionak Xabier jasotako sariagatik eta mila esker izan zaren bezala izateagatik.

 

Txema Ramirez de la Piscina.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago