[Etxean]. Laura goiz jaiki da. Mikel sukaldean da. Gosaltzen. "Egun on", esan dio. Mikelek ez dio erantzun. Sakeleko pantailari begira dago. Erantzun gisara, burua jaso du berari zuzenean begiratu gabe, "berdin" esan nahiko balio bezala.
[Kalean]. Ataritik irten, tranbiarako bidean, kasko erraldoiak jarrita daramatzan mutil batek estropezu egin du Laurarekin. Barkamena eskatu gabe, jarraitu du aurrera. Tranbian ere, nor bere baitan bildua doa. Mutu. Isil.
[Lanean].10:00etan lan-bilera. Bost minutu atzeratu da hasiera. Nagusia falta da. Bizkitartean, mahaiaren bueltan dauden bost lagunetatik hiru ordenagailuan ari dira, azken ordukoak kontsultatzen. Beste biak, whatsappez ari dira. Laurak ere, sakelekoa hartu du.
[Telebistan]. Eusko Legebiltzarrak Imanol Pradales lehendakari izendatu berri du EAJ eta PSE alderdien babesarekin. Albiste nagusia da. Hemen. Laurak Espainiako kazetak kontsultatu ditu Interneten. Soilik Abc-k eraman du gaia azalera. Kataluniako berri-paperetan ere ez da ageri —azaletan bederen— aipamen txiki bat bera ere. Bakoitzak bere zoroak bizi ditu.
"Sakeleko pantailari begira dago. Erantzun gisara, burua jaso du berari zuzenean begiratu gabe"
[Planetan]. Laurak ordenagailua piztu du. Sarean sartu eta jaso duen lehen albisteak barrenak mugiarazi dizkio: "Une honetan 56 gerra daude piztuta planetan. Gerra globala sortzeko arriskua handitu egin da". Ukraina, Gaza, Siria, Libano, Sudan, Birmania, Sahel, Haiti… Adituen ustez, "gatazka bakoitza independentea da, baina elkarri eragiteko aukerak handituz doaz". Laurak ez du jarraitu nahi. Danba. Takar itxi du portatilaren tapa. Amorruz. Zast!
Leiho parean jarri da. Lanean, lankide batek gogorarazi dion aipu bat etorri zaio gogora. Mark Zuckerberg-ena da: "Konektibitatea giza eskubide bat da". Ironiak garraztu dio aurpegia. Laurak parean ikusten duen errealitatea beste bat da: burbuilak denean, handiagoak edo txikiagoak, baina elkar ukitzen ez duten anpuluak dira. Gizenduz doaz baina, eta eztanda globala sortzeko aukerak biderkatzen ari dira. Etengabe. Han eta hemen.
Bat batean, Ane —alaba nagusia— gelan sartu da: "Ama, ama: Gasteiz Antzokia uztailean irekiko dutela!". Albisteak munduarekin adiskidetu du Laura. "Konektibitateak ez, komunitateak bizi gaitu", errepikatu du bere kolkorako.
Txema Ramirez de la Piscina.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.