Erabakigarriak dira egun hauek. Kanpainaren azken txanpan gaude eta boto eskubidea duten herritarren artean %20k oraindik ez daki nori eman behar dion bere konfiantza. Azken inkesten arabera, EH Bilduk irabaziko lituzke hauteskundeak, bai EAEn, baita gure lurraldean ere. Horrela izango balitz, koalizio subiranistak lehendabiziko aldiz irabaziko lituzke hauteskundeak Araban. Gertaera historikoa litzateke, zalantzarik gabe. Beno, maila batean soilik. Izan ere, kontuan izan behar da joan den urteko udal hauteskundeetan EH Bildu indarrik bozkatuena izan zela Gasteizen. Eta Araba osoan bigarren indarra izan zela EAJren atzetik (1.000 botoetara gelditu zen).
"Gero eta gehiago dira beren botoa azken unean erabakitzen dutenak"
Gure lurraldean, Francoren diktaduraren ostean egindako izaera desberdineko hauteskundeetan, sei alderdi desberdinek irabazi dituzte bozketak: UCDk, EAJk, PSEk, PPk, EAk eta Podemosek. Beraz, inkestak berresten badira, EH Bildu zazpigarrena izango litzateke. Datuak berak ongi ilustratzen du, arabarren artean, nola aldatzen diren gauzak koiuntura desberdinen harira.
Kontuak kontu, beste datu batek ere arreta piztu dit: zalantzatien kopuruak. Hauteskundez hauteskunde gero eta gehiago dira beren botoa azken unean erabakitzen dutenak. Zergatik? Zertan oinarritzen da azken orduko erabaki garrantzitsu hori?
Pentsatzen jarrita, ez da hain harrigarria hainbeste zalantza izatea. Ziztu bizian eta abiadura ikaragarrian bizi den gizartea da gurea. Ez dugu ezertarako astirik. Eta gainera ziurgabetasuna nagusi da maila guztietan: nazioarteko abagunetik hasita gure Gasteiz antzokiaren egoeraraino. Zalantzak izatea ohiko egin zaigu. Baina azken momentura arte botoa nori eman behar diozun ez jakitea, fuerte samarra da, ezta?
Izan daiteke. Edo ez. Pertsona bakoitza mundu bat da. Unibertso bat bere baitan bildua. Garbi dagoena da, zalantzatien azken erabaki horretan, hautagai bakoitzak transmititzen dituen emozioek sekulako garrantzia dutela. Konfiantza helarazten dizun begirada, apaltasuna iradokitzen dizun ahotsa, koherentzia islatzen duen pertsona, irudi orekatua aurkezten duen hautagaia… den-denak du garrantzia erabaki horretan. Emozioak. Balioak. Eskutik eskura datoz. Igandeko hautuan, euskara eta justizia soziala izango al dira nagusi Arabako bozkalekuetan?
Txema Ramirez de la Piscina.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.