Iritzia

Maitasun gutunak

Argazkia: Hispania Nostra

"Bataila omentzen duen monumentua birgaitu nahi izatea anakronismo hutsa da. Ergelkeria"

Kakaztuta dago, goitik behera. Usoen zirinak hareharria jan egin du. Haizeak higatu eta euriak eta izotzak zartatu egin dute. Ehundik gora urte ditu. Pitzatuta dago. Hispania Nostra elkarteak zerrenda gorrian sartu du "Espainiaren independentziari" eraikitako oroigarria, narriadura handiko egoera dela eta. Epaia argia da oso: "Erliebetik irteten den guztia hautsita, tolestuta edo desagertuta dago". Gasteizko postala omen da. Udala behin baino gehiagotan saiatu da harri-pila hori konpontzen eta makillatzen. Ederresten? Alperrik baina.

Gasteizko bataila omentzen duen monumentua birgaitu nahi izatea anakronismo hutsa da. Ergelkeria galanta. Gabriel Borras eskultore valentziarrak 1917an Gasteizko Udalari ez zion monumentu bat entregatu. Hori falla sastar bat baino ez da; toki enblematiko batean paratu zuen piramide itxurako tarta erraldoi zantarra. Hori konpondu? Ez du zentzurik. Ez da historikoa —bataila Subillan izan zen, ez Gasteizen— eta, gainera, pasadizo ilun samar bat zuritu egiten du. Izan ere, orduan Udalak monumentua esleitzeko deitu zuen lehiaketa publikoaren epaimahaian ez zen eskultorerik egon eta polemikak zalaparta dezente piztu zuen hemengo artisten artean.

"Udala behin baino gehiagotan saiatu da harri-pila hori konpontzen eta makillatzen"

Gasteizko bataila deitu izan den horretan badira —niri bederen— arreta gehixeago pizten didaten istorioak. Adibidez, gauza jakina da Jose Bonaparteren tropek korrika eta presaka alde egin behar izan zutela gure hiritik. Atzean 3.000 zalgurdi utzi zituzten. Bertan, balio handiko bitxiak, arte-lanak eta altxorrak zeuden. Horietako asko eta asko jendeak arpilatu zituen. Beste asko Wellingtongo dukearen soldaduek Londresera eraman zituzten. Han daude oraindik ere Jose Bonapartek eta Montehermosoko markesak trukatu zituzten maitasunezko gutunak —larrutan ari zirela harrapatu zituen batailak?— edota enperadorearen anaiak erabiltzen zuen zilarrezko pixontzia. Helburu eskatologikoa zuen tramankulu xelebre hura gaur egun, oraindik ere, ospe eta hotsandiko zeremonial militar batean erabiltzen dute.

Andre Maria Zuriaren bihotzean paratuta dugun estralurtar horrek ez du konpontzea merezi. Bataila beste zerbaiten inguruan eman beharko luke Udalak: ditxosozko zilarrezko pixontzi horren eta, batik bat, maitasun gutun horien berreskurapenean, esaterako. Nolako zirriak egiten zizkioten elkarri? Hor agertuko da, seguru.

Glamourosoagoa da helburu hori loria militarraren gorazarre merkea egiten jarraitzea baino.

Txema Ramirez de la Piscina.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago