Hilabete eta erdi igaro da bozkatzera joan ginenetik eta oraindik ez dakigu nor izango den Espainiako presidentea. Kontu garrantzitsua da, inolako zalantzarik gabe.
Horretaz ederki asko jabetu nintzen uztailaren 23an, hautesleku batean mahaiburu izatea suertatu baitzitzaidan. Iparralde gizarte etxean izan zen, Zaramaga auzoko erdigunean. Nire komunitatea hobeto ezagutzeko parada ezin egokiagoa. Egoera bitxi ugari. Esaterako, 90 urte inguruko pertsona dezente hurbildu ziren bozkatzera. Senideen laguntzaz baliatuta, batzuk gurpil aulkietan. "Hemen da presidentea hautatzeko lekua, ezta?", galdetu zidan ahotsean eta eskuan dardara nabaria zuen gizonak. "Beno, hemen Kongresuko eta Senatuko kideak hautatzen dira eta gero…". "Beno, baina hemen da, ezta?", ziplo moztu zidan. "Bai, bai, hemen da", erantzun nion. Antzeko itaunekin etorri ziren beste batzuk.
Beste batzuk xelebreagoak. Gure aurrean fresko-fresko agertu zen eskuak poltsikoetan zituen gazte pertxenta bat. Xaloki bota zidan: "Hona nator, bada, bozkatzera". Eta nik, berriro ere, mahaiburuaren paperean sartuta, baina barreari ia eutsi ezinik: "Nortasun-agiria eta boto-papera?". "Ah!, baina beharrezkoak al dira?", erantzun zidan berak sano-sano. Jarraian, lotsatuta guztiz, aitortu zigun: "Hum,… barkatu; izan ere, nire lehendabiziko aldia da". Buelta eman eta boto-paperen mahaira joan zen bere hautua —guztion aurrean, batere lotsarik gabe— burutzera.
Arraza, kolore eta jatorri ugarikoak bizi gara Zaramagan, harmonian eta bizikidetza arazo gehiegirik gabe. Hauteskunde mahaian, aldamenean nuen bokala Ekuadorreko emakumea zen. Sagrario zuen izena. Hogeita bi urte daramatza hemen. Saltoki handi bateko langilea da. Hari esker jakin nuen zenbat balio duen Quitora joateko hegazkin-txartelak, zenbat diru eraman behar duen hara doan bakoitzean —familiarekin kunplitzeko, lehengusuei ebakuntzak ordaintzeko, loben jaunartzeak diruz laguntzeko…—. "Dirutza bat, Txema; 7.000 dolar inguru", esan zidan Sagrariok. Familia osoarekin joaten da. Azken bidaia, duela zazpi urte egin zuen. Hemengo hiritarra izanagatik ere, han ditu berak gogoa eta familia. Kezkatuta dago bertan bizi den egoerarekin. Han ere hauteskundeak izan dituzte, baina urrira arte ez da argituko nor izango den presidentea. Luisa Gonzalez ezkertiarra izan daiteke lehen emakume presidentea. Historikoa litzateke.
Bozka-eguneko istorioak. Bitxiak. Aberasgarriak. Gogoetez beteak. Gure zilborraz harago begiratzeko aitzakiak, Madrilgoa ez baita munduan hautatzen den presidente bakarra.
Txema Ramirez de la Piscina.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.