Zeledonia?

Arg: ALEA

"Mito eta kondairek herrien nortasuna ezaugarritzen dute. Garaiko adierazpide. Egunera ditzagun"

Zer duzue mintzagai egunotan? Barraskilo jana ala Zeledoniaren plana? Ongi asko jakingo duzuenez, Zeledon emakume bat izateari atea ireki dio Gasteizko Neska eta Blusen Batzordeak. Proposamena bolo-bolo dabil, han eta hemen. Zenbat buru, hainbat aburu.

Eztabaida sanoa, beharrezkoa. Xextra horretan, Arabako kazeta batek bere webgunearen bidez galdera hau egin du:

"Gustatuko litzaizuke hurrengo Zeledon emakume batek gorpuztea?". Inkesta aktibo egon den egunetan, emaitzak oso argiak izan dira: aldeko 143 boto; kontra 409. Beraz, inkesta honi kasu egingo bagenio, lau herritarretik bat, soilik egongo litzateke proposamenaren alde.

Galderak, baina, ez dira inozoak. Eta itauna beste modu honetara planteatu izan balitz?:

"Gustatuko litzaizuke Gasteizko jaiei hasiera ematen dien pertsonaia mitikoa emakume bat izatea, bere protagonismoa Zeledonekin partekatuz?".

Oker egon naiteke, jakina, baina uste dut erantzunak bestelakoak izango liratekeela. Edo ez, batek daki. Ni, behintzat, aldaketaren aldekoa naiz. Zinez uste dudalako tradizioak ezin duela oztopo izan gizateriaren aurrerabiderako. Mitoek eta kondairek herrien nortasuna ezaugarritzen dute. Garaian garaiko adierazpide dira. Egunera ditzagun. 1957an Zeledonek Zalduondotik Gasteizko jaietara zihoan Zeledonio Alzolaren pertsonaia bikain gorpuztu zuen. 66 urte igaro dira.

Gauzak zer diren. Orain arte nik ez nekien Zeledonio izena grekeratik zetorrela. Enara esan nahi du. Sinbologia ederra. Euskaltzaindiak gogorarazten digunez, "olertiari eta literaturari esker, enara udaberriaren adierazle bihurtu da. Eta enara edo Ainara hitza Ekialdekoa da, Lapurdikoa eta erabili izan zen Nafarroa eta Aragoitik Iparraldera espartinak egitera joaten ziren andrazkoak izendatzeko". Gurera ekartzeko irudi ederra.

Nik ez daukat zalantzarik. Aurtengo jaietan ez bada, hurrengoetan Gasteizko jaiei emakume batek eman beharko lieke hasiera. Zeledonekin batera edo Zeledonen ordez. Harekin protagonismoa partekatuz edo txandakatuz. Andre Mari Zuriaren jai askeago eta berdinzaleagoak behar ditugulako.

Zeledonia? Ez, mesedez. Ainara. Bai, enarak edo ainarak bizi dugun garaiaren metafora ezin aproposagoa direlako.

Biba Prudentzio Deuna. Gora Zeledon eta ongi etorri Ainara.

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago