Udal Artxiboa altxor bat da, gure historiaren lekuko zuzena. Batzuetan lekuko deseroso ere bada.
Hara egindako azken bisitan, hauxe topatu nuen: 1937ko uztailaren 7an, Gasteizko udalbatzak onartutako mozioa. Testua, alkateak berak, Rafael Santaolallak, bi egun lehenago proposatu zuen. Helburua: Urbinako Atea (Portal de Urbina) izena aldatzea. Ordutik aurrera Portal de Villarreal de Alava izango zen. Justifikazioa: erregimen frankistak oroitu eta ohoratu nahi zuen urtebete lehenago Legution faxistek irabazitako bataila. Testuak gerra-hotsa zekarren. Hauxe zioen, Santaolallak proposatu eta Gasteizko Udalak onartutako mozioak (euskarara ekarrita):
Berriro ere, gure gerra zibiletako balentrietan, Villarreal de Álavak heroismoz, oinazez eta handitasunez beteriko orriak idatzi ditu, (…) Baina, oraingoan, bere loriaren gainean, gure hirira iritsi nahi zuten etsaien saldo itsuei eusteko horma jarri zien. Gertaera horrek bakarrik merezi du Gasteizek martiri herri xume honi [Legutiori] omenaldi berezia egitea.
Ordutik aurrera izena ez da aldatu. Santaolalla estatu kolpearen biharamunean Francok berak ezarritako alkatea izan zen. Militar errekete eta patronalaren burua izan zen; Francoren oso gertukoa eta nazi-zalea. Hark eman zion izena ni bizi naizen kaleari. Legutioko Atea izena ez da toponimikoa, erabat ideologikoa baizik, jendea horretaz jabetzen ez bada ere. Garaiz kanpokoa izateaz gainera, antidemokratikoa eta ilegala da. 2022ko Memoria Demokratikoaren legearen testuak, bere 35.2. atalean, hauxe dio:
Era berean, oroimen demokratikoaren aurkako elementutzat hartuko dira toponimoetan, kale-izendegian edo zentro publikoetan, altxamendu militarraren eta diktaduraren izendapenetan egindako erreferentziak.
Legutioko Atea izena oroimen demokratikoaren aurkakoa da. Berreskura dezagun XIII. mendetik berezkoa izan den izena: Urbinako Atea. Kale honen historia gehiago jakin nahi duenak jo dezala Jose Maria Bastidak duela urtebete YouTuben eskegitako bideora. Aski da bilatzailean Portal de Urbina, Jose Mari Bastida ipintzea.
Bada da garaia, erreferentzia faxista oro gure kaleetatik desagerrarazteko. Badago lanik: Legutioko Atea eta Jose Lejarreta kaleekin hasi eta…
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.