Enigma bat da. Zer gertatzen ari da Gasteizko Erdialdean? Ohiko solastoki eta jardun-leku gasteiztarrenetan ere ez dago beste hizpiderik. Nor demontre da 80taka urte dituen Juan Maria Uriarte hori, Urteim enpresako burua? Zertarako erosi ditu hainbeste lokal Gasteizko bihotzaren erdian? Zer egiteko? Nor dago atzetik?
Jatorria. Gasteizko erdigune komertziala hiltzen ari da, batik bat asteburuetan. Ez dago mugimendurik, ezta jende askorik ere. Eta, noski, bertoko noblezia kezkatuta dago. Gasteizen Dato, Araba jenerala, San Prudentzio eta Foruak kaleek zonalde preziatua osatzen dute. Kazeta kontserbadore batek urrezko milia bezala etiketatu du. Etiketak funtzionatu egin du. Elite politiko eta ekonomikoak bere egin baitu segituan.
Dakiguna. Aipatu eremu horretan Urteim enpresa hogeita hamarren bat lokal enblematikoren jabe egin da (denda, taberna eta pub aski ezagunak denak). Eremuaren epizentroan gakoetako bat dago, operazioaren buruarena den garaje bat (1.615 metro koadroko aparkaleku babestua), ehunka auto hartzeko gai dena. Urrezko milia horren barruan, barne patio handi bat dago eta bertan saltoki erraldoi bat joango litzateke. Gasteizko bihotzean legokeen saltoki hori litzateke operazioaren motorra.
Norentzat izango ote da saltoki hori? Mercadona aipatu zen hasieran, baina badirudi aukera hori baztertuta dagoela. Aste honetan indar handiz entzuten den izena are eta erraldoiagoa (eta ilunagoa): Inditex. Baina ziur ez dago ezertxo ere. "Izen handiko saltoki" horren inguruan leudeke, satelite moduan, aipatu lau kale horietara erakusleiho luketen hainbat denda eta lokal. Erdian saltoki erraldoia, inguruan gainerako dendak eta aparkalekua proiektua biribiltzeko.
Horraino ideia. Horraino tantaka ezagutu diren datuak. Batzuen aburuz, ameslari baten proiektua da, erdialdea biziberrituko duen egitasmoa. Ni ez naiz sasi-bidean sartuko, ez bainaiz horretan aditua. Hala ere, kontu honen inguruan hainbat detaile kurioso iruditu zaizkit. Adibidez, Gasteizko Udalaren mututasuna. Ez dute ahoa ireki. Interesatuekin bilera franko egin direla frogatuta dago, baina mutu daude. "Orain ezin dugu hitz egin", diote. Hitz egiteko aukera dutenean jakingo dugu, beraz, interes ekonomiko pribatuen alde ari ote diren edo gasteiztar guztien alde.
Operazio horren epizentrotik kilometro eskasera daude Santo Domingo eta Barrenkale kaleak, horiek ere Gasteizko Alde Zaharraren bihotzean. Bertan bizi diren bizilagunen baldintzek ez dute zerikusirik urrezko milia horretan bizi direnenekin. Urretik gutxi hor, miseria gorritik dezente. Duela hilabete gutxi berton bizi ziren hamar familia umil eta langile etxerik gabe geratu ziren euren etxebizitzak hondatzear zeudelako. Bilerak ere izan dituzte udal agintariekin. Konponbidea, berriz, iristeke dago. Ikusten ez dudana da interes berbera kasu batean zein bestean.
Adituen esanetan, Gasteizen aspaldian egin den inbertsio pribaturik handienaren aurrean geundeke. Ekimen horren asmoa erdialdea biziberritzea, aktibatzea, ekonomikoki garatzea omen da. Ederto. Baina herritarrak entzule gara; barka, ezta hori ere, protagonistek ez baitute publikoki behintzat ahoa ireki ere egin. Bestetik, halako handikerietara jo beharrean, zergatik ez dira instituzioak gertuko merkatariengana hurbildu ideia edo egitasmoen bila? Udalak ezin du ezer egin eremu horretan ordaintzen diren neurriz kanpoko alokairuei aurre egiteko? Bateragarriak al dira gasteiztarrok harrotasunez astintzen dugun sostengarritasunaren bandera eta halako saltoki handiak erdialdean kokatzeko asmoa? Eta denda txikiak?
Itxura guztien arabera, espekulazio urbanistiko itzel baten aurrean gaude. Istorio honetan argi gutxi dago eta zurrumurru larregi. Susmoak susmo, balirudike batzuek urrezko miliaren onurak zilarrezko azpilean eskaini nahi dizkietela beste batzuei.
Berrian argitaratutako artikulua.