Gorka Urtaran alkatea Juan Maria Uriarte enpresari gasteiztarrarekin bildu zen atzo. San Prudentzio, Dato eta Alava Jenerala kaleen arteko etxadian hainbat lonja erosi ditu Uriartek, tartean, Alava Jenerala kaleko garajea, Uterque, Lefties, Adolfo Dominguez, Gretel, Natura eta Dakar, Taberna eta Molly Malone tabernak. Horrez gain, Zaldibartxo elkarte gastronomikoarekin ere akordio batera heldu, eta trukean beste lokal bat emango die. Hauek guztiak Urteim izeneko sozietatearen bitartez erosi ditu.
Erdiguneko etxadi horretan martxan jarriko den proiektu berrian merkataritza jarduera mantenduko dela azaldu dio enpresariak alkateari, SER irratiak jakinarazi duenez. Era berean, Urtaranek proiektua "ahalik eta lasterren" aurkezteko eskatu dio enpresariari. Uriartek azken urteetan kale horiek galdu duten merkataritza jarduera berreskuratzeko asmoa jakinarazi dio alkateari.
Izan ere, Uriarteren Urteim elkarteak Alava Jenerala kaleko garajearen zati bat botatzeko baimena-eskaera aurkeztu zuen atzo Hirigintza Saileko erregistroan.
Enpresari gasteiztarraren proiektuak dendak eta taberna edo jatetxe bat aurreikusten ditu. Supermerkatuaren aukera, berriz, baztertuta geratu dela adierazi dute.