Iritzi zutabe honen izenburuari erreparatuta, batek baino gehiagok pentsa dezake datozen lerroetara batasunaren kontzeptua ekarri asmo dudala, agian gizarte hobe bat lortzeko askoren ahaleginen eta borondateen elkargune moduan ulertuta, balio zuzen eta noble gisa, noiz eta egungo errealitate nahasian justiziaren eta guztion ongizatearen defentsan batasuna beharrezkoen dugunean.
Baliteke, baina ez dut bide horretatik joko, gaurkoan behintzat. Ez dira gutxi bizi garen mundu gatazkatsu honetan bat eginik ibiltzeko ditugun motiboak eta betebeharrak, giza eskubideen eta ingurumenaren alde, besteren artean.
Oso bestelakoa da ordea gaur dakardan batasunaren aipamena. Askozaz apalagoa, zeharo beste maila batekoa. Hala ere, bere txikian badu ezin baztertuzko munta, batez ere arabarron hiriburuko euskaldunentzat. Hizkuntza eskubideari lotutako gaia da, ikusiko denez.
Gatozen Gasteiz hiria zeharkatzen duen tranbiara, zehazki 2023an inauguratu ziren Salburuko geralekuetara. Horietako bat Europar Batasunaren plazan egin zen, eta dagoen tokitik eman nahi izan zitzaion izena; baina oker, soilik La Unión jaso baitu, gaztelania hutsean. Halaxe ageri da Gasteizko tranbiaren seinaletikan, xafla eta errotulazio guztietan. Eta euskarazko izenaren aztarrenik ez.
Gasteizko Udalak 2010eko kale izendegian izendapen bikoitza onartu zuen plazarako, elebitan: Plaza de la Unión Europea / Europar Batasunaren plaza. Bi izen horien modu laburrak, La Unión eta Batasuna dira, hurrenez hurren. Tamalez, geraleku berriari izena jarri zenean euskarazkoa alboratua izan zen. Sasoiz gaude orduko hutsak zuzentzeko eta Salburuko geraleku honi behar duen izendapen osoa emateko: Batasuna / La Unión. Gasteizko tranbiaren lehen geralekuen izenak 2007an ezarri zirenean, hirutan izen bikoitzak aukeratu ziren: Antso Jakituna / Sancho el Sabio, Forondako Atea / Portal de Foronda eta Legebiltzarra / Parlamento. Hizpide dugun geraleku hau mota berekoa izanik, esan bezala, Batasuna / La Unión dagokio. Hala izan behar du euskararen eta gaztelaniaren mesedean.
Roberto Gonzalez de Viñaspre.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.