Iritzia

Zer egingo dugu erabileran eragiteko?

Erabiltzailearen aurpegia Rober Gutierrez

Argazkia: Pixabay

"Euskara ikasten dutenen kopurua handitzen jarraitzea garrantzitsua bada ere, benetako erronka da baldintzak sortzea hautua euskararen aldekoa izan dadin errazteko"

Azken hamarkadetako euskararen historia, neurri handi batean, arrakastaren historia da. Ez da dena perfektua izan; hala ere, ukaezina da euskararen ezagutzak sekulako hazkundea izan duela. Duela berrogei urte Gasteizen euskaraz zekitenak gutxiengo oso txikia ziren. Gaur egun, aldiz, biztanleen erdia baino gehiago euskara ulertzeko gai da. Haur eta gazteen artean, ordea, %80tik gora omen dago datua, eta belaunaldi berrietan ulermena ia unibertsala da. Ulermen maila oso desberdinak egongo dira, noski, eta horietako asko ulermena galtzen joango dira irakaskuntza sistematik urrundu eta helduen munduan murgildu ahala.

Emaitzak ez dira zoriaren ondorio. Luzaroan egindako lan kolektibo etengabearen fruitu dira: familien atxikimendua, hezkuntza sistemaren ahalegina, euskaltzaleen tinkotasuna, euskalgintzaren ekarpena eta erakundeen sustapen politikak. Guztien artean, ez beti modu koordinatuan eta ez beti norabide berean, eraiki da ezagutzen dugun euskararen biziberritze prozesua.

Baina datu horien atzean, errealitate gordina ere ageri da, ezagutzak gora egin duen neurrian ez baitu erabilerak aurrera egin. Izan ere, pertsona horiek aldiro hautatzen dute zein hizkuntza erabili, eta, gehienetan, hautua baldintzatzen duten faktoreak euskararen erabileraren aurkakoak izaten dira. Hizkuntza bat edo bestea hitz egiten dugun hobeto, gure parekoaren gaitasuna, haren gaitasunari buruz dugun ustea, hizkuntzei lotutako konnotazio sozialak... Horregatik, euskara ikasten dutenen kopurua handitzen jarraitzea garrantzitsua bada ere, benetako erronka da baldintzak sortzea hautua euskararen aldekoa izan dadin errazteko.

"Batez ere, hizkuntza hautatzeko orduan, euskararen alde egitea errazagoa izan behar da"

Azken urteotan, euskararen erronka nagusia hezkuntzatik lan mundura lekualdatu da. Baina erronka ez dago soilik hor. Gehienen egunerokoaren hainbat esparrutan, euskarak hizkuntza formal gisa baino ez du funtzionatzen: ikasteko, irakasteko edo administrazioarekin harremanak izateko. Horren erakusgarri da eredu euskaldunetan hezitako gazte askok gaztelaniaz jarduteko duten joera. Askotan, arazoa ez baita hizkuntza ez menperatzea, baizik eta erabiltzeko egoera, aukerak eta motibazioa falta izatea. Horregatik, egungo erronka nagusia hiztun horiek erabiltzaile bihurtzea da.

Horrek guztiak ikuspegi aldaketa eskatzen du, gazte hauei erabilera errazteko, euskararen etorkizuna ez baita ikasgelan erabakiko. Ikasle batek historia edo zientziak euskaraz ikas ditzake; hala ere, kirol taldean, lagunartean, sareetan edo lanean gaztelaniara jotzen badu sistematikoki, euskarak zailtasunak izango ditu erabileran irabazteko. Euskararen presentzia handiagoa bermatu behar da. Baina, batez ere, hizkuntza hautatzeko orduan, euskararen alde egitea errazagoa izan behar da. Erakundeek, euskalgintzak eta enpresek aukerak zabaldu behar dituzte, eta hiztunek euskaraz aritzeak balioa duela sentitu behar dute. Finean, hizkuntza ohiturak, euskaraz bizitzeko arrazoiak, aukerak eta espazioak ez dira ikasgelan soilik eraikitzen; gizartearen eguneroko jardunean eraikitzen dira.

Rober Gutierrez.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago