Behin batean historian (II)

Zenturioi bat Azerbaijanen

Gobustango inskripzioa. / Argazkia: WIKIMEDIA COMMONS

"Oso gutxi dakigu Luzio Juliori buruz. Izen bat besterik ez, denborak eta euriek higaturiko kare harri batean. Batzuetan, hala ere, nahikoa da izen soil bat behin batean historian norbait existitu zela jakiteko"

Serie honen lehenengo atalean Erromako Inperioko ipar mugaraino hurbildu ginen, gerora Adrianoren harresia izango zenaren inguruko gotorleku bateko andra-gizonen bizimodua nolakoa zen ikusteko. Gaurkoan, erromatarren munduaren beste puntara egingo dugu salto, Ekialdera, hain zuzen.

Behin batean historian (II)

Artikulu hau historian zehar behin edo oso gutxitan aipaturik
ageri diren pertsonen erretratuen serie baten bigarrena da.

Gure protagonistak aurretik bertatik igarotakoen sinadurak ikusi eta bere izenaren testigantza utzi nahi izan zuen bertan

Kaukaso aldean kanpainan arituriko soldadu batek utzi zigun, bere eskutik, munduko alde horretan Erromatik urrunen aurkitu den erromatarren presentziaren aztarna. Gaur egungo Azerbaijanen, Gobustango parke nazionalean, Baku hiriburutik hegoaldera, aurkitu zuen idazki hau, arroka batean zizelkaturik. Inguru karstikoa da Gobustango parke nazionala: kare eta antzeko harriez josirik dago, eta antzinatik bidaiariek haien pasaeraren arrastoak izkiriatu zituzten inguru hartako harrietan.

Gure protagonistak, apika, aurretik bertatik igarotakoen sinadurak ikusi eta bere izenaren testigantza utzi nahi izan zuen bertan. Eta, bere izenaren bitartez, bere izanaren berri ere iritsi zaigu. 1951. argitaratu zen idazkia L’Année Epigraphique aldizkari akademiko frantses entzutetsuaren 263. zenbakian, eta oraindik ere argi eta garbi irakur daiteke bertaratuz gero, duela gutxi berriztu baitzuten arkeologoek, argazkian ikus daitekeen legez. Honela dio inskripzioak:

 

Imp(eratore) Domitiano / Caesare Aug(usto) / Germanic(o) / L(ucius) Iulius / Maximus (centurio) / leg(ionis) XII Ful(minatae) (AE, 263).

Domiziano Zesar Augusto Germaniko enperadore zela [idatzi zuen hau] Luzio Julio Maximok, XII. "Tximista" Legioko zenturioiak.

 

Mezu aski laburra, ikus daitekenez. Izena eta garaiaz landa, ezer gutxi adierazten digu gure protagonistari buruz, baina, testuinguru historikoa kontuan harturik, bere ibilerak nolakoak izan ziren irudikatzen saia gaitezke, eta, beharbada, Kaspiar itsasoko kostaldetik ez hain urrun zertan zebilen jakingo dugu.

Zer egiten zuen pertsonaia honek Kaukaso sakonean? Horri erantzuteko, garaiari begiratu behar diogu: Domiziano enperadore zela

Lehenik eta behin, badakigu Luzio Julio Maximo delako hau zenturioia zela, hala adierazten baitigu bere izengoiti Maximo-ren ondoan ageri den zeinu bereziak. Argazkia aztertzen baduzue, alderantziz jarritako zazpi baten itxura daukan zeinu bat ikusiko duzue. Sarritan ageri ohi da zeinu hori inskripzioetan, soldadu baten zenturioi kargua adierazteko erabiltzen baitzen. Baliteke zenturioien bereizgarria zen mahatsondo adarraren estilizazioa izatea. Mahatsondo adarra, hain zuzen ere, Erromako armadako ofizial ororen aginte ezaugarria zen, eta zenturioiek beti haiekin eramaten zuten. Erromatarrak 16 urterekin has zitezkeen haien zerbitzu militarra egiten, eta soldadu batek hamar urteko zerbitzua behar izaten zuen, batez beste, ofizial kargua lortzeko. 20 urte ingururekin sartu bazen armadan eta jada zenturioia bazen, beraz, gure Luziok 30 urte inguru izango zituen, etxetik urrun inskripzio hau idatzi zuenean. Berriro ere, galdera bera datorkigu burura. Zer egiten zuen pertsonaia honek Kaukaso sakonean? Horri erantzuteko, garaiari begiratu behar diogu: Domiziano enperadore zela.

Tito Flavio Domiziano (hori baitzen bere ponte izena, Zesar Augusto Germaniko enperadoreei zegozkien ohorezko tituluak izaki) patuaren jukutria bategatik iritsi zen enperadore izatera. Bere aita Vespasiano enperadore izan zen 69 eta 79 urteen artean, baina Domiziano ez zen premua: haren anaia nagusi Tito zen orok espero zuen oinordekoa. Bi urteko erreinaldiaren ostean, ordea, Tito bat-batean hil zen 81. urtean, eta Domizianok lortu zuen, bere ordez, enperadore kargua. Morroi isila eta bitxia omen zen Domiziano, garaiko idazleen esanetan, baina enperadore sendo eta energetikoa izan zen. Senatuaren boterea murriztu zuen, Erromako ekonomia atondu zuen eta urte asko igaro zituen legioekin batera kanpainan Erromako mugetan. Bere politika autokratiko eta populistengatik, Senatuak eta Erromako nobleek gorroto zuten Domiziano (senatarien zimarku baten esku hil zen, azkenean, 96. urtean), baina herritar xumeek eta soldaduek maite zuten haien enperadorea. Domizianok, gainera, ederto zaintzen zuen herri xehearen txera hura, propagandaren bitartez bere irudiarekiko gurtza sustatuz. Litekeena da, beraz, gure zenturioi Luziok ere bere jenerala estimu handitan izana.

Iturria: GOOGLE MAPS

 

Arlo militarrean, Inperioaren mugak segurtatu eta zabaltzea izan zen Domizianoren asmoa. Britanian, Gneo Julio Agrikola jenerala Eskozia konkistatzen saiatu zen. Germanian, Domizianok Katoen aurka egin zuen, eta gaur egungo Errumanian daziarren kontra, baina ez zuen bi herri horien aurka garaipen handirik lortu. Ekialdean, berriz, gaur egungo Azerbaijan lurralde estrategikoki oso garrantzitsua zen. Garai hartan, Albania zuen izena lurralde hark (historialariek Kaukasoko Albania esaten diote, inork gaur egungoarekin konfundi ez dezan), eta Erromaren kontrolpeko estatu txotxongilo bat zen.

Badakigu zertan ari zen Luzio Julio Maximo bere legioarekin etxetik hain urrun: Kaukaso mendikateko bortuak zaintzen

Haren gaineko kontrola bereziki garrantzitsua zen Kaukaso mendikateko bortuak kontrolpean eduki eta Asiako estepako herri nomaden mugimenduak eta bertatik igarotzen ziren merkataritza bideak zaindu ahal izateko. Erromatarrak, ordea, ez ziren leku urrun hura kontrolatu nahi zuten bakarrak. Haien Ekialdeko etsaiak, Partiar Inperioak, antzeko asmoak zituen, eta ez zuen begi onez ikusten aspaldiko etsaiak haien Iparraldeko atarian edukitzea. Erromak, beraz, presentzia militar egonkorra behar zuen Albaniako estatu txotxongiloan, hark partoen eraginpera alde egin ez zezan.

Orain badakigu zertan ari zen Luzio Julio Maximo bere legioarekin etxetik hain urrun: Kaukaso mendikateko bortuak zaintzen. Baku iparraldean, hain zuzen ere, Derbenteko bortua dago, Kaukasoa alde batetik bestera gurutzatzen duen pasabide garrantzitsua. Baliteke XII. legioaren helburua bortu hura zaintzea izatea. Hortan arituko zen Luzio Julio, 81 eta 96 urteen arteko egun batean bere izena betiereko idatzita uztea erabaki zuenean. Ez daukagu argi zer gertatuko ote zitzaion gero. Baliteke lizentziatu eta etxera itzuli izana, beterano gisa zegozkion lurrak lantzera. Partoekin borrokan hil izana ere posible da, apika. Azerbaijanen bertan geratu izana ere posible da: bada Baku ondoan Ramana izeneko herrixka bat. Erromatarren garaian sortua da, eta izena "romana" adjektibotik datorkiola dirudi. Baliteke Luzio Julio Maximoren legioa izatea herrixka haren sortzailea, eta gure zenturioiak bere bizitzaren gainerakoa han igaro izana.

Hori guztia, dena dela, irudikapen hutsa baino ez da. Egia esan, oso gutxi dakigu Luzio Juliori buruz. Izen bat besterik ez, denborak eta euriek higaturiko kare harri batean. Batzuetan, hala ere, nahikoa da izen soil bat behin batean historian norbait existitu zela jakiteko, eta haren bizitza nolakoa izan ote zen irudikatzeko. Horrelako zerbait egiten saiatu gara gaur Luzio Juliorekin. Hurrengo atalean, beste pertsonaia baten txanda izango da Behin Batean Historian serie honetan.

Albiste hau Peru Amorrortu Barrenetxea ALEAren kolaboratzaileak argitaratu du. Bere bloga eta artikulu guztiak hemen dituzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago