Behin batean historian (I)

"Zure esperoan egongo naiz, ahizpa": egunerokotasuna Erromako mugetan

Vindolanda gotorlekuan 70eko hamarkadan aurkitutako oholtxo bat. / Irudia: BRITISH MUSEUM

"Vindolanda izeneko gotorlekuan, arkeologoek aurkikuntza benetan liluragarria egin zuten 1970eko hamarkadan: urki, haltz eta haritz egurrezko oholtxoak, ikatzarekin eginiko tinta batekin izkiriatuak".

Historiako errelatoa sarritan galtzen zaigu gizon (askoz gutxiagotan, zoritxarrez, emakume) handien egitandi eta balentrietan. Erromako eta gainerako antzinako zibilizazioetako istorioa kontatzerakoan, jeneralen eta enperadoreen gerra eta gatazkek betetzen dituzte tintaz orriak, eta historiaren kontaketa arranditsu horretan kanpoan geratzen zaigu gizateriaren gehiengo handia, gizarte horiek osatzen zituzten gizabanako gehienak. Hori dugu egia: gutako gehienok ez dugu ospearen loriak ematen duen hilezkortasunaren bedeinkazioa jasoko.

Batzuetan, ordea, zoria edo patua dela medio, bestela historiaren lanbroak irentsiko lukeen batez besteko gizabanako horietakoren berriren bat iristen zaigu, mirakuloski denboraren joan geldiezinetik salbaturik. Batzuetan izen bat besterik ez da, beste batzuetan bere eskuz idatzitako dokumenturen bat, erreferentzia soil bat literatur lanen batean, edo harri higatu batean zizelkaturiko epitafio bat.

Behin batean historian (I)

Artikulu hau historian zehar behin edo oso gutxitan aipaturik
ageri diren pertsonen erretratuen serie baten lehenengoa da.

Gaur hasten dudan idazki serie honen helburua da bestela ezezagun izango litzaizkigukeen gizabanako horien istorioak berreskuratzea, historiaren korrontean gal ez daitezen (barkatuko didazue hainbestetan egindako hitz jokoa, baina gure hizkuntzak baimentzen duenez, ezin egiteke utzi).

Erromako Inperioaren mugetatik hasiko gara gaur, Vindolanda izeneko gotorleku batetik, hain zuzen. Bertan aurkituko ditugu haien egunerokoa Inperioaren izkinarik galduenean ematen duten pertsonen arrastoak: bi ofizial eta haien emazteak.

Horietako bat ezagutzen den urtebetetze gonbidapen zaharrenetariko bat da: Klaudia Severaren urtebetetze gonbidapena

Alta, lehenik eta behin argi dezagun testuingurua. Erromaren menpeko Britanian gaude, Kristo ondorengo 100. urtearen bueltan. Lurralde honetan zegoen Inperioaren iparraldeko muga, gaur egun Eskozia eta Ingalaterraren arteko muga dagoen lekuan, gutxi gorabehera. Adriano enperadoreak hogei urte igarota eraikiko zuen harresia oraindik egiteke bazegoen ere, muga jada aski militarizatua zegoen, eta soldaduz beteriko gotorlekuak zeuden mugan zehar iparraldeko pikto edo kaledoniarren tribuak (gaur egungo Eskozia populatzen zuten tribuak, erromatarrek guztiz sekula konkistatu gabeak) kontrolpean edukitzeko.

Gotorleku horietako batean, Vindolanda izenekoan hain zuzen, arkeologoek aurkikuntza benetan liluragarria egin zuten 1970eko hamarkadan: urki, haltz eta haritz egurrezko oholtxoak, ikatzarekin eginiko tinta batekin izkiriatuak. Garai hartan, Egipto aldean aurkituriko papiroez gain, haiek ziren erromatarren eskutik iritsitako eskuizkribu zaharrenak (gaur egun, oholtxo zaharragoak agertu dira Britanian bertan eta beste leku batzuetan).

Vindolandako komandante militarrek beste gotorleku batzuetako ofizialekin edukitako komunikazio ofizialak ageri ziren oholtxo horietan, baina baita idazki pertsonalak ere. Horietako bat ezagutzen den urtebetetze gonbidapen zaharrenetariko bat da, baita emakume erromatar batek bere eskuz idatziriko dokumenturik zaharrenetariko bat ere, zaharrena ez bada. Klaudia Severaren urtebetetze gonbidapena dugu, hain zuzen, Vindolandako oholtxoetan 291 zenbakiduna.

Britania erromatarrarren mapa. / Iturria: TYNEDALE HADRIAN'S WALL GROUP

 

Ezer gutxi dakigu Klaudia Severaren bizitzari buruz; informazio gehiena oholtxo honek ematen digu. Badakigu bere senarra Elio Brokcho dela, Vindolandatik hurbil legokeen beste gotorleku bateko (ez dakigu zehazki zein) komandantea. Bertan biziko zen Klaudia bere senar militarrarekin, etxetik urrun, kanpamenduko giro militar batzuetan itogarrian. Ez zen inguruan bere jatorri eta klase sozialeko emakume ugari egongo, ziurrenik. Adiskide gutxi eta bakardadea esan nahi du horrek, Erromako Inperioaren mutur galdu batean.

Ezer gutxi dakigu Klaudia Severaren bizitzari buruz; informazio gehiena oholtxo honek ematen digu

Baziren, ordea, antzeko egoeran zeuden beste emakume batzuk: inguruko gotorlekuetako ofizialen emazteak, hain zuzen. Hain zuzen, soldadu komunek familia etxean uzten zuten bitartean, postu finkoa zuten ofizialek haiekin eraman ohi zituzten emazte eta seme-alabak. Emakume horiekin egin bide zuen adiskidetasuna Klaudia Severak, bere bakardadearen sendagarri. Baliteke batzuk aurretiaz ere ezagutzea, Erromatik edo beste inondik (ez dakigu, ordea, non jaio zen Klaudia). Horietako bat zen Sulpizia Lepidina, Vindolandako ofizial Flavio Zerialen emaztea. Hari dago zuzenduta Klaudia Severaren urtemugarako gonbidapena. Dokumentu honen harira, badakigu Klaudiak iraileko idusetarako hiru egunen faltan, hots, gure irailaren 11n, egiten zituela urteak. Gutuna idazkera profesional batekin hasten da. Ziurrenik, Klaudiak familiako eskribari diktatu zion lehen atal formalago hau. Horrela dio gutunak:

 

Cl(audia) Severa Lepidinae [suae]/[sa]l[u]tem./III Idus Septembr[e]s soror ad diem/sollemnem natalem meum rogo/libenter facias ut venias/ad nos iucundiorem mihi/[diem] interventu tuo factura si/[lerro bat faltan]/Cerial[em t]uum saluta Aelius meus et filiolus salutant [hitzen bat faltan].

Claudia Severak bere Lepidina maiteari, osasuna. Irailaren 11n, ahizpa, erregutzen dizut nire urtemugako ospakizunera etor zaitezela, plazer baduzu, zure etorrerarekin eguna niretzat alaiagoa bihur dezazun, baldin eta [zu gurekin bazaude?]. Emaizkiozu goraintziak zure Zeriali, nire Eliok eta semetxoak ere goraintziak ematen [dizkiote].(Vind. 291, 1-10 lerroak).

 

Latinezko testua zuzenean dago aterata Oxfordeko Unibertistateko Vindolandako oholtxoen ediziotik. Oholtxoa lau zatitan dago, artikulu hasierako argazkian ikus dezakezuen bezala, eta badira testuan hutsune batzuk, baina gehiena aski ongi interpreta daiteke. Testua nahiko arrunta da garairako, eta baita gaur egunerako ere. Edozein gonbidapen formalen antza du, izan ere.

Ondoren datorrenak, ordea, biurtzen du oholtxo hau hain berezi. Hain zuzen ere, eskribaren esku profesionala beste esku batek ordezkatzen du. Traketsagoa eta dardartiagoa da esku hau, baina idazkera txukuna du hark ere. Zalantza handirik gabe, Klaudia Severaren eskua dela esan genezake, tonu pertsonalagoan bere lagunarentzako zerbait idazteko gogoarekin. Lau lerro laburretan (oholtxoaren eskuin aldean ikus daitezke, beheko aldean), horrela mintzo zaio adiskideari Klaudia Severa:

 

Sperabo te soror/ vale soror anima/mea, ita valeam/karissima et have.

Zure esperoan egongo naiz, ahizpa. Ondo izan, ahizpa, ene bihotza. Ni ere ondo izan nadila, maitea, eta agur. (Vind. 291, 11-14).

 

Horrela amaitzen da gutuna, oholtxoak ez baitu beste idatzirik, lehen ataleko esku berberak (hots, eskribak) atzekaldean jarritako helbidea izan ezik (Sulpizia Lepidina Zerialen emaztearentzat Severaren partetik). Batzuetan latin klasikotik aldentzen den hizkera bat darabil Klaudia Severak, baina espresibitate eta maitasunez betea. Ez da ohikoa, adibidez, "spero" aditzaren ("spes" edo "esperantza" izenaren errokoa) osagarria pertsona bat izatea, normalean aditza zerbait gertatuko den esperantza adierazteko erabiltzen baita. Klaudiak, ordea, "zure esperantza dut" edo "zure esperoan egongo naiz" bezalako zerbait erraten dio lagunari. Gainera, "Anima mea" deitzen dio, hots, "nire arima" edo "nire bihotza", latinez oso ohikoa den izendapen maitekorra.

Batzuetan latin klasikotik aldentzen den hizkera bat darabil Klaudia Severak, baina espresibitate eta maitasunez betea

Gutun hau idatzi baino mende bat lehenago, Horazio olerkari handiak "animae dimidium meae", "nire arimaren erdia" ("ene bizitz-erdia", itzuli zuen euskaraz Aita Onaindiak 50. hamarkadan) deitu zion bere lagun Virgiliori. Nik "ene bihotza" itzuli dut, euskeraz naturalen jo dudan baliokidea delako. Horretaz gain, "karissima" ere deitzen dio, "txit maitea", alegia. Azken lerro horretan ikusten da Klaudia Severaren idazkera apur bat traketsa dela: "karissima" k-rekin idazten du arauzkoa litzatekeen c batekin ordez ("carissima"), eta amaierako agurreko "have" horri ez dagokion hatxe bat txertatzen dio hasieran. Latinez k zein c soinu bera adierazteko erabiltzen direla eta hatxea ahoskatzen ez zela kontuan harturik, ordea, oinarrizko alfabetizazioa lukeen edozein erromatarrek egin zitzakeen akatsak ziren horiek.

Horratx 100. urtearen bueltako bi emakumezkoren egunerokotasuna, historiaren korronteak lur azpian ezkutaturik mendeak igaro ostean guregana iritsia. Vindolandako beste oholtxo batzuengatik, badakigu Klaudia eta Sulpizia sarritan egon zirela harremanetan, eta elkarri idazteaz gain elkar bisitatzeko ohitura zutela. Ez da ohikoa edozein gizabanako arrunten adiskidetasunaren berriak guregana iristea, zer esanik ez bi emakumeren kasuan.

Gaur hasten dudan Behin batean historian serie honetan, horixe egiten saiatuko naiz aurrerantzean: zoriari esker desagertzetik libratu diren gizabanako arrunten arrastoak argitara ekartzen, haien bizimodua eta pentsamendua nolakoa izan zitekeen argitzeko. Bitartean, hurrengo atalera arte.

Albiste hau Peru Amorrortu Barrenetxea ALEAren kolaboratzaileak argitaratu du. Bere bloga eta artikulu guztiak hemen dituzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago