Iritzia

Basamortua

Erabiltzailearen aurpegia Olaia Salazar Urrutia 2026ko uztailaren 17a

Argazkia: PEXELS

"Zer gertatuko litzateke 'nahiago nuke ez egitea' erantzuten hasiko bagina?

Sofan nago, eserita, izerdi tantek gorputzean zehar bidaiatzeari ekin dioten bitartean. Oso nekatuta nago, eta bero honek urte osoko akidurak utzitako nire indar apurrak gainditzen ditu. Nire barnerako pentsatzen dut ea ez ote nukeen, etxeko pertsiana jaitsien antzera, nire burua ere gotortu behar. Hau da: indarrak, gogoak edo dena delakoa berreskuratu arte iluntasun fresko honetaz ez ote beharko nukeen gozatu. Egiten duen bero jasanezina, itogarria, bizi garen egoera politiko itogarriaren metafora dirudit. Hondamendiaren estandartea da sumatzen hasi berri garen basamortua.

Konfinamendu klimatiko testuinguru honetan, irakurketak egunerokotasunetik ihes egiteko balio dit, eta ihesaldi saiakera horietako batean Henry Melville-n Bartleby eskribaua liburuari ekitea erabaki nuen. Liburuan, eta spoiler txiki bat eginez –barkatu–, Bartleby izeneko kopiatzaile bitxiaren nondik norakoak azaltzen dira. Bartleby Wall Street-eko abokatu bulego baten kopiatzaile bikaina da, lan eta lan dabilena, lehen begiratuan langile "perfektua" dirudiena. Baina bada arazo nabarmen bat: kopiatzea ez den beste eskaririk egiten diotenean "nahiago nuke ez egitea" erantzuten du. Bartlebyren jabeak, zer egin jakin gabe, amore ematea erabaki du. Liburuak aurrera joan ahala, Bartlebyk gero eta gauza gutxiago egingo ditu, alegia, "nahiago nuke ez egitea" horiek maizago gertatuko dira. Egoera horren aurrean, jabea Bartleby kaleratzen saiatuko da behin baino gehiagotan. Hala ere, "nahiago nuke ez egitea" horrek indar handiagoa izango du, hainbesteraino non jabeak berak negozioa utzi eta Bartleby bulegoan bizitzen utziko duen.

Liburua irakurri ondoren, zera datorkit burura: zer gertatuko litzateke guk ere Bartlebyren jarrera hartuko bagenu? Zer gertatuko litzateke guztiok batera "nahiago nuke ez egitea" erantzuten hasiko bagina? Nahiago nuke lanordu estra horiek ez egitea. Nahiago nuke informe absurdo horiek ez betetzea. Nahiago nuke oposizioetara ez aurkeztea. Nahiago nuke formakuntzarik ez jasotzea. Nahiago nuke lanera ez joatea. Nahiago nuke sare sozialik ez erabiltzea. Nahiago nuke ez ordaintzea. Nahiago nuke interneteko cookie-rik ez onartzea. Nahiago nuke gerra hori ez finantzatzea. Zer gertatuko litzateke?

Gezurra dirudien arren, noizbehinka, basamortuan ereindako haziak ere loratzen dira.

Olaia Salazar Urrutia.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago