Iritzia

Therians

Erabiltzailearen aurpegia Olaia Salazar Urrutia 2026ko apirilaren 11

Argazkia: BORIS HAMER/ PEXELS

"Horra hor, inozentea zirudien auzi baten mediatizazioaren trikimailu maltzurra, konturatu gabe diskurtso transfoboei bide eman diena"

Gertatatzen ari diren gerrateen bonbardaketen erritmo berdinarekin bonbardatu gaituzte mediatikoki azken hilabeteetan. Sare sozialetan, telebistan edo prentsan kontakizun bitxi batek leku handia hartu du: badira gizaki sentitzen ez diren gazteak, animaliekin identifikatzea nahiago dutenak. Therians izenpean ezagutzera eman diren nerabe horiek –azeri, otso eta txakur maskarekin lau hanketan ibiltzen erakusten zituzten bideoengatik ospetsu egin direnak– geure ohiko solasaldien parte bihurtu dira. Hasieran, biralizatutako beste erokeria horietako bat zirudienak, manipulazio politikorako baliabide paregabea izaten amaitu du.

Gure nortasunaren gainean erabakitzeko dugun eskubidea zalantzan jartzeko erabili izan da animaliekin identifikatzearen diskurtsoa: "Edonork gizon, emakume edo ez-bitar izatearen artean aukeratu ahal badu, hurrengoa animalia izateko aukera ere luzatzea da, zer erridikulua!". Horra hor, inozentea zirudien auzi baten mediatizazioaren trikimailu maltzurra, konturatu gabe diskurtso transfoboei bide eman diena. Therians-en biralizazioa gizakion identitatea arriskuan dagoela aditzera emateko erabili da, eta horri aurre egiteko, gizakiok omen dugun "berezko natura"-ra bueltatzea aldarrikatu da irtenbidetzat.

Horrenbestez, "emakume" eta "gizon" kategoria kultural konplexuak –genero arauen eta eguneroko performancearen ondorio direnak– egia naturaltzat joko lirateke. Beraz, gure nortasunak ezaugarri "natural" horiekin bat egin beharko luke (horietatik aldentzen den joera oro "antinaturaltzat" joz). Eta kontuz argudio naturalistekin, historian zehar behin baino gehiagotan zapalkuntzak justifikatzeko balio izan dutelako bakarrik. Era berean, gazteriaren irudia usteltzeko ere tresna aproposa izan da Therians-en auzia. Gaztaroak berrikuntza ekarri ohi du, garai berrien lekukoa, eta ekartzen den hori "immorala" bada, atzera egitea justifikatua dago. Erne, bide horretatik Eliza, familia nuklearra, figura autoritarioak eta xenofobia gure gizadia "salbatzera" etorriko direlako. Gizadiaren deriba hori izango bada, eta antza handia du, nik, aukeran, azeri izatea nahiago dut. 

Olaia Salazar Urrutia.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago