Rosaliak LUX albuma atera eta horri buruz bakarrik hitz egiten dakigula ematen du. Baina, erreferentzia egin badiot ere, ez dut diskoari buruz hitz egingo. Ordu aldaketa gertatu berri dela aprobetxatuz, eta egunek gero eta argi ordu gutxiago dituztela kontuan hartuz, gure "lux"-ez, "argiaz", hitz egiteko aitzakia bikaina suertatu zait.
Udazken–neguan etxetik ez ateratzearren matxinatzeko prest egongo litzatekeen horietakoa naiz ni. Iluntasunak argia lapurtzeaz gain, gogoa lapurtzen diela uste duten horietakoa. Gainera, egoerak ez du hobera egiten natura bera gutxinaka-gutxinaka neguko lo kuluxkarako prestatzen ari dela sumatzean: hostoak erori, landareak hil... Aitortu beharra dut naturari inbidia puntu bat diodala, ni ere tapakien azpian hurrengo udaberrira arte gogotsu ezkutatuko nintzatekeelako. Baina, gizakiok ez omen dugu horretarako eskubiderik, urtaroak urtaro berdintsu jardun behar dugulako, berdintsu lan egin behar dugulako.
Robert Kurz-ek El absurdo mercado de los hombres sin cualidades liburuan zera dio: XIX. mendeko argindarraren eta denbora astronomikoaren hedapenaz geroztik, mekanismo kapitalistek produkzioa inoiz ez eteteko aitzaki paregabea topatu dutela. Antzina, Kurzen aburuz, gauak halabeharrezko atsedenaldia zekarren; eta ongi dakigun bezala, atseden hartzeko uneak ez dira ongi etorriak logika kapitalistan, zenbat eta denbora produktibo gehiago eskuratu, orduan eta hobeto. Piztu ditzagun argiak eta utz diezaiogun lo egiteari!
Era berean, liburuan, egungo produkzio moduak dituen arazoen berri ematen jarraitzeko, honako hau aipatu egiten da: Erdi Aroan, gauez lan egitea batere ohikoa ez zenez, lanaldi desberdinak zituzten urtaroen arabera, gehienez jota egunean sei orduz lan eginez; eta hori gutxi balitz, Erromatar inperioan 175 jai egun zeuden urtero. Baina, tira, zer da hori guztia gure 24 orduz irekitako supermerkatuekin alderatuta? Bai aurrerapena fabriketako gaueko txandak! Eta lanean gauez sartu eta gauez ere ateratzeari buruz zer esan! Nola biziko ginateke itxiera ordurik ez duten gimnasiorik gabe? Atsedena gainbaloratua dago, eta atseden gehiegi hartzen duena bere "bertsiorik hoberena" oztopatzen ari da. Horixe da irentsi eta sinetsi egin duguna, eta batzuetan, atzera begiratzeak ustezko aurrerabidea kolokan jartzeko aukera ematen digu, egungo egoera argitzeko aukera, alegia.
Olaia Salazar.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.