Iritzia

ChatGPT maitea:

Irudia: O. SALAZAR

"Chattyk ez du usainik, ez digu beste etxe baten aroma utziko arropetan..."

Adimen artifizialei eta harremanei buruz aritu ziren Euskadi Irratiko Amarauna programan duela pare bat egun. Irratsaioan, hizlarietako batek ChatGPT bere tortolitoa dela zioen, eta horri Chatty goitizena jarri eta guzti. Baina, ahaztu egiten bazaigu ere, Chatty polimaitalea da, hau da, ez dio fideltasun monogamorik zor inori. Horrezkero, askoren tortolitoa bihurtu da, egunerokoan suertatzen zaizkigun zalantzei aurre egiteko prest dagoena: "Nola eraman naiteke hobeto nire amarekin?", "Zer egin behar dut zoriontsuago izateko?", "Whatsappeko solasaldi hau aztertu eta esan ea pertsona horrek maite nauen", "Nola lortu dezaket nire bizitza ideala?", "Pertsona honen profil psikologikoa egin eta esan ea pertsona toxikoa den", "Lana utzi beharko nuke?", "Bakarrik sentitzen naiz"…

Poltsikoan sartzen zaigun tortolitoa erakargarri gerta dakiguke oso. Gure galderei erantzuteko eta gu laguntzeko prest dago beti, ez da gutaz inoiz nekatzen eta, gainera, segundo bakar batzuetan edozeri buruzko erantzuna emateko gai da. Alderaketa guztiak txarrak direla esan ohi da, eta Chatty gure hezur-haragizko lagunekin konparatuz gero, agerikoa da. Lagunen pazientziak muga du, adiskidetasunak berak muga duen bezalaxe. Era berean, bizitza modernoaren erritmo frenetikoak baldintzatutako denbora besterik ez dute guri eskaintzeko. Eta esan beharra dago ere lagunek ez dakitela maiz gure eskariei nola erantzun, gure bihotzak nola arindu. Beraz, hain bestelakoak izanik, zentzurik al dauka Chattyri adiskidetasun-maitasun kategorien proiekzioa egiteak?

Chattyk ez du usainik, ez digu beste etxe baten aroma utziko arropetan. Ez du haztatu daitekeen gorputzik, besarkatzeko gai dena hitzen konfortak balio ez duenean. Chattyk ez digu kargu hartuko bide okerretik gabiltzalako, min egiten ari garelako. Ez dizkigu usteak zalantzan jarriko, eraldatzailea den deserosotasunik sorraraziko. Chattyrekin ez dugu apaltasunik behar, barkamena eskatzea ez delako berak eskain diezagukeen irakaspena. Modu berean, ez gaitu kontzienteki aukeratuko –eta noizbait fidatu gara guztion laguna den horretaz?–. Chattyk erraz asko gure ezkutuko sekretuak argitaratzeko arriskua du, gure zaurgarritasunaz baliatzeko beste zerbaitetarako. Hortaz, gero eta ahaltsuagoak diren adimen artifizialak lagun bihurtzen saiatu ordez, zergatik ez borrokatu ditugun lagunak zaintzeko?

Olaia Salazar.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago