Iritzia

Irakasten irakatsi

Argazkia: Freepik.

"Prezioa ez da arazo bakarra, edukien kalitateak ere gabezia larriak baititu masterrean"

Irakaskuntzan bakarrik lan egiteko aukera dugunok -gurasoek eskuak burura eramateko modukoa den karrera horietako bat ikasi dugulako, edota karrerarekin zerikusia zuten lan aukera eskas eta prekarioen artean irakaskuntza "prekarioegia ez zela" uste izan dugulako- erronka berari aurre egin behar diogu: Irakasleen Prestakuntzarako Unibertsitate Masterra.

Antzina aste gutxi batzuetan egiten zen gaikuntza-ikastaroa urte osoko masterra da orain, eta nola ez, masterren prezioan ordaintzen dena. Espediente ona dutenek, unibertsitate publikoko plaza bakanen bat eskuratzeko aukera izan dutenek, 1000 euro ordainduko dituzte, ordea, espediente hain ona ez dutenek (eta sistemari berdin zaio zergatik) pribatuetan 8000 euroraino igotzen diren matrikulak ordaindu ditzakete. Alegia, milaka euro ordaindu lan egiteko, eta are okerrago, maiz milaka euro ordaindu itxaron zerrenda amaigabeetan egoteko.

"Nire eskerrik beroenak institutuan eta karreran izan ditudan irakasle onei eta txarrei, idazle iaioei eta traketsei, zeuek baitzarete irakasle izateko dudan helduleku bakarra"

Zoritxarrez, prezioen kontua ez da irakasle izateko masterraren arazo bakarra, masterraren edukien kalitateak ere hutsune eta gabezia larriak baititu. Are gehiago, masterreko formakuntza kaskarrak prezioen garestitasun sentsazioa areagotzen du. Edukiei dagokienez, oso agerikoa da aste bakar batzuetan eman zitezkeen edukien bueltan urte osoko egitaraua sortu dutela masterren negozioarekin bat etortzeko. Horiek horrela, edukien etengabeko errepikapena eta hutsaltasun hori isilarazten saiatzen den lan-karga izugarria ohikoa izango da. "Inklusioa", "hezkuntza demokratikoa", "pertsonalizazioa", "konpetentziak"... glosario erraldoi baten ulermen prozesuaren antza du masterrak, ez ordea irakasle lanbidearen formakuntzarena. Masterrean ez da topatuko jendaurrean hitz egiteko trebakuntzarik, eskola-saioak dinamizatzeko tekniken irakaspenik, ikas-materialak egokitzeko irizpiderik, edota eskola-jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko ezagutza praktikorik. Hori gutxi balitz, paradoxak oso ohikoak izango dira masterrean, adibidez: egokitzapen kurrikularrei buruz hitz egiten dizun irakasleak ez du ahaleginik egingo masterra egin bitartean lanean edo eskakizun handiko zaintza-lanetan dabiltzan ikasleen hezkuntza-programak moldatzeko; zer esan irakasleen arteko koordinazioaren garrantziaz mintzatu eta beste irakasleekin koordinatu ez izanagatik edukiak eta jarduerak errepikatu egiten dituenari buruz! Baina, tira, zalantzarik gabe paradoxikoena honako hau da: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan inoiz egon ez diren irakasleak irakaskuntza masterreko irakasleak izatea.

Beraz, nire eskerrik beroenak institutuan eta karreran izan ditudan irakasle onei eta txarrei, idazle iaioei eta traketsei, hizlari limurtzaileei eta totelei ere, zeuek baitzarete irakasle izateko dudan helduleku bakarra (onerako zein txarrerako). Eta akaso, horixe da etorkizunean irakasle izango direnen (eta badirenen) helduleku bakarra, irakasten irakastea oximoron hutsa besterik ez delako.

Olaia Salazar Urrutia.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago