Kafea hartzearen erritua garai honen ikur adierazgarria da. Alegia, kafearen fenomenoa aztertuz gero, gizarte kapitalistaren sintesi duina egin daiteke. Kafeak etengabeko produkzioa bermatzen du, nekea isilarazi eta logura uxatzen du. Gainera, erritmoa azkartzen du; eta egia esan, hori oso ongi datorkigu, sistemak honako hau indarrez sartu baitigu buruan: garaile ateratzen da zereginen aurrean denbora gutxien behar duena. Eraginkortasunaren eta etengabeko hazkundearen nagusitasunaren aliatu ezin hobea da kafea. Hori gutxi balitz, kafeak, gizarte kapitalistaren gisara, eman beste hartzen du; hau da, ematen dizkigun "onuren" truke ondorio latzak sortzen ditu. Esaterako, antsietatea areagotzen du, eta lo egiteko gaitasunean eta kalitatean eragin kaskarra du. Hala eta guztiz ere, azkarrago aritzea merezi duela uste dugunez, edo jadanik eszenatoki eroa gelditu ezin dezakegunez, berdin zaigu. Horra hor gure garaiko kontraesana: kafea Lorazepamarekin batera hartzea.
Zer esan kafe disolbagarriari buruz! Kafe disolbagarria gizarte kapitalistatik at pentsaezina da, bere izateko arrazoi bakarra kafearen prestaketaren arintasuna delako. Kafe disolbagarriak kafeontzi arrunt batek beharko zukeen denbora minutu bakar batera murriztu dezakeela promes egiten du. Esaten ez duena honako hau da: zapore desberdina duela, kafearen antza izan dezan gehigarri kaltegarriak izan ohi dituela, eta dexente toxikoa den akrilamida izeneko kimikoaren tasa altuak dituela. Baina tira, sei bat minutu aurreztea, hori bai pagotxa! Denbora aurreztearen aitzakiapean kafe disolbagarria hartu, erosketak kutxa automatizatuetan ordaindu, oinez mezuei erantzun edota bideoak abiadura bikoitzean ikusten ditugu. Eta bururatzen zaidan galdera da: irabazitako ustezko denbora hori, zertarako?
Olaia Salazar Urrutia.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.