Orain dela bost bat urte bakarrik ezagutzen dugu elkar, baina lagunak gara jada, zalantzarik gabe. Une atseginak konpartitu ditugu, eta kontu askotaz hitz egin. Hori bai, helduaroan egindako lagunak ez dira txikitan edo nerabetan egindakoak bezalakoak. Ez okerragoak, izatez, ez hobeak; desberdinak. Eta, betiko kuadrillakoekin politikaz hamaika aldiz eta ahoan bilorik gabe hitz egin dudan bezala, bururatu ahal zaizkizun astakeria guztiak elkarri esan dizkiogun bezala… bada, lagun berriago honekin ez. Horregatik, agian, nabaritu diot harridura puntutxo bat esan diodanean baietz, Munduko Kopa honetan arreta jarriko diedala Espainiaren partiduei… galduko duen esperantzaz. Ez du gaizki hartu, inolaz ere, eta barre artean jarraitu dugu hizketan. Baina harrituta nabaritu dut, bai, bigarren aldiz galdetu didanean, konfirmatzeko: "Gal dezan? Benetan? Oihan, tioo…".
Neure burua ikusi dut islatuta bere harridura txikian. Neu ere harritu nintzen ikastola bateko patioan Espainiaren kamiseta gorria ikusi nuen lehenengo aldian. Neu ere harritu nintzen Gorriaren garaipen batekin leihotik etxafuegoak entzun nituen estrainekoan. Neu ere harritu ninduen gure hiriko kaleetan ditxosozko kamisetak ikustea normal bilakatzeak. Zer arraio, ama Iniestaren golarekin poztu zen eta ni, abstraktuan onar nezakeen arren, orduan ere dexente harritu nintzen. (Bide batez, ama: maite zaitut, baina ez dakit momentutxo hori noizbait guztiz barkatuko dizudan, e?)
Bada, gauza horiek guztiak gertatu dira, eta onartu beharko ditut: onartuko ez banitu ere, hortxe daude, eta ezin ditut aldatu. Baina gure normaltasuna besteek ere onartu beharko dute, eta horretarako ikusi eta entzun behar dute. Espainiak galtzea nahi baduzu, ez esan berdin zaizula. Esan galtzea nahi duzula, 12-0 posible bada, eta galdetzen badizute zergatik, azaldu zergatik. Alemaniak Espainiaren kontra jokatzen badu eta etxeko leihotik Alemaniaren ereserkia ozen jarri nahi baduzu, jar ezazu. Bizilagunak apur bat harrituko zaizkizu, seguru… baina milaka harridura txikiz dago eraikita astiro aldatuz doan zera garrantzitsu hori: normaltasuna.
Oihan Txabarri.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.