Ehun urte bete ziren aurrekoan amona jaio zela; hamabi baino gehiago dira jada hil zenetik. Nire haurtzaroari gauza batzuk falta zaizkio beste batzuentzat oinarrizkoak izan direnak: ez dut anai-arrebarik eduki, ez neukan asteburuetan edo udan bisitatzeko herririk, eta ez nuen aitonarik ezagutu. Baina amona bai, amona eduki nuen.
Gurea fundamentuzko amona zen, gainera. Jaiotzetik goxo-goxo hartzen zintuztenetakoa, gurasoak parrandan atera ahal izateko haurrarekin geratzen zena, eskola ostean goxoki batzuk erosi eta amari ez esateko esaten zizuten horietakoa. Ez zidan apenas iraganaz hitz egiten, edo egiten bazidan, ez zitzaidan memorian iltzatu. Gerora berreskuratu eta ordenatu behar izan nituen, nire kabuz, bere bizitzaren txatalak han-hemenka, historialari amateurrarena eginez. Batzuetan, txikitako galdera inozenteetan baziren arrastoak: Zergatik irakurtzen du amonak hain poliki? Zergatik dauka hezurretako mina? Zergatik ez du inoiz haurtzaroaz hitz egiten? Haurren irudimena handia da, baina zaila zaie irudikatzea zenbat alda daitekeen mundua bi belaunalditan. Bada, gure kasuan nahikotxo aldatu zen, hoberako, eta amona beste mundu batetik zetorren, zentzu literalean (urtegi bat handitzeko desagerrarazitako nekazari herri txiki urrun batetik) zein irudizkoan.
Eta orain, ehun urte geroago, zer geratzen da Joaquina Duranen bizitzaz? Ez da geratzen bere jaioterria, uraren gorabeherek poliki eraitsia. Baina geratzen da bere eta bere senarraren lan-indarrak elikatutako familia, hiru belaunaldi gasteiztar. Ez da geratzen bere ahotsa, gero eta lausoagoa gure memorian. Baina bai ezagutu ez zituen birbiloben algara, eta bere izena haien ezpainetan. Ez da geratzen ezer, eta aldi berean dena geratzen da. Jada ez daudenei ezin diegu ezer eman, aitortza ez bada. Agian, hemen gaudenetako batzuen izenak errepikatuko ditu norbaitek ehun urte barru.
Gaurkoan, hori opa dizuet.
Oihan Txabarri.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.