Iritzia

Inspirazio faltaz

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2025eko irailaren 27a

Argazkia: FREEPIK.

"Zaila da ez errepikatzea, edo zure burua gehiegi ez biluztea, edo gutxiegi.."

Ordenagailuaren aurrean eseri, idazteko aplikazioa ireki eta pantailaren zuriari begiratu diozu. Horrek bakarrik argitzen du gela. Beste guztia ilun dago, baita kalea ere. Etxekoak lotan daude jada, eta isiltasuna da nagusi. Orduan, pantailaren iskinan ordua ikusi duzu: 23:19. Berandu da idazten hasteko, goiz altxatu behar zara eta. Baina okerrena da bihar goizean bidali behar duzula zutabea, beranduen, eta oraindik ez dakizu inondik ere zertaz idatzi.

Ez da lehenengo aldia horrela zabiltzana, ez dugu inor engainatuko, baina gehienetan izaten duzu buruan ideiaren bat bueltaka, hari finen bat tiraka ibiltzeko eta kaskarregiak ez diren lerro batzuk ateratzeko. Gaur ez daukazu ezer. Tira, izango duzu zerbait, ez diot txoriburu hutsa zarenik. Baina gai guztiei aurkitzen diezu traba. Batzuk huskeria iruditzen zaizkizu. Beste batzuk, zuretzako ur handiegiak. Beste batzuk, ordea, betiko kontua. Hamar urte daramatzazu tarteka hemen idazten, eta zaila da ez errepikatzea, edo zeure burua gehiegi ez biluztea, edo gutxiegi. Gaur, bada, ez duzu oreka topatzen. 23:46. Atzera egin duzu pare bat esaldi aldatzeko. 23:48.

Sabaiko itzalei begira gogoratu duzu inongo inspiraziorik gabe eta epemugatik gertu idaztera eseri zinen lehenengo aldia, eta nola urte hauetan guztietan behin baino gehiagotan pentsatu duzun uztea, askotan sentitzen baituzu ez daukazula ezer berezirik esateko. Ez duzu uste halako txoko txikia beste askoren aurretik merezi edo behar bezala aprobetxatzen duzunik. Baina atsegin duzu pantaila zuriaren erronka. Eta nahiago duzu besteren batek erabakitzea noiz itxiko den leiho hau. Gainera, lantzean behin pozik geratzen zara idatzitakoarekin. Are gehiago, egunen batean ez bazaizu ezer bururatzen, ezer ez bururatzeari buruzko zutabea bidaltzeko aurpegia ere baduzu. Hiruzpalau urtean behin, sikiera. 00:16. Izenburua jarri eta lotara. Bihar egun luzea izango da.

Oihan Txabarri.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago