Iritzia

Ni eta zu

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2025eko maiatzaren 24a

Argazkia: FREEPIK.

"Ba al duzu orain, zubi baten hegian lepotik heldu ordez, eskutik helduko dizunik?"

Ni turista bat nintzen, Rotterdamgo Willem zubia oinez zeharkatzen. Zu bertako neska gazte bat zinen. Nik, hesia saltatu eta ibaira begira geratu zinenean, pentsatu nuen oso ideia txarra zela, ea argazki bat ateratzeagatik uretara eroriko ote zinen. Zuk ez zeneukan argazkirik buruan. Ni hasi nintzen gauzak apur bat hobeto ulertzen zu aurrerantz makurtu eta oin puntak ertzetik kanpo jarri zenituenean. Nik galdetu nion zugandik gertuago zegoen gizonari, zurekin nederlanderaz mintzo zen horri, ea zer zeneukan zuk, eta neutraltasun harrigarriz "She needs to go off" esan zidanean, ezetz oihukatu nion. Zuk salto egin nahi zenuen, baina duda-mudan ibili zinen, eta azkenean gizonak lepotik heldu zintuen. Nik uste dut oraindik ez zeundela jauzi egiteko prest: biren artean heldu eta espaloira itzuli arte, ez zenuen benetan borroka egin. Borroka gutxi, eta gero, negar bakarrik.

Hotzean pentsatuta, ez nuen asmatu nola jokatu: hasieran egoera ulertu ez, eta gero izoztuta geratu nintzen. Behintzat, oihu egin nion gizon lasaiegi horri zuri heltzeko, eta kasu egin zidan. Sikiera, jakin izan nuen nola azaldu telefonoz larrialdietakoei zer gertatzen ari zen eta non geunden zehazki. Barkatu, baina nire lehenengo aldia zen, eta esango nuke zurea ere bazela.

Orain jada ez nago zubi gainean, baina nolabait zatitxo bat geratu zait bertan. Gogoratzen ditut han bertan deklarazioa hartu zigun poliziaren hitz absurdo samarrak, gure telefonoak badaezpada apuntatu ostean: "Gaizki sentitzen bazarete, zoazte medikuarenera zuen herrialdera bueltatzean. Eta, bitartean, hitz egin zuen artean". Baina nik ez dut inorekin hitz egin behar, ez bada erantzun ezin didaten galderari erantzuteko: Arindu ote zaizu mina? Ba al duzu orain, zubi baten hegian lepotik heldu ordez, eskutik helduko dizunik? Nahi nuke baietz pentsatu. Nahi nuke hurrengoan turista despistatu batzuen laguntzaren beharrik ez izatea, Rotterdamgo Willem zubian.

Oihan Txabarri.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago