Iritzia

Jota, Martina

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2025ko ots. 8a, 10:00

Argazkia: ALEA

"Leku gutxitan sentitu naiz Gipuzkoako hiriburuan aurrekoan sentitu nintzen bezain jokoz kanpo"

Bada jendea kultura desberdinak ezagutu nahi dituenean hegaldi bat erosi eta munduaren beste muturrera doana. Bada jende are ausartagoa, halako bidaiak bizikletaz edo oinez egiten dituena, txapela buruan eta ibili munduan. Ni, ordea, bizitzaren fase lasaiago batean harrapatu nauzue. Horregatik, azkenaldian, esperientzia berriak bizi eta kultura exotikoak gozatu nahi ditudanean, Lurraldebusen igo eta Donostiara joaten naiz egun pasa.

Ez deskojonatu nitaz oraindik, mesedez. Hau serioa da! Bi dozena herrialde bisitatzeko suertea izan dut, lau kontinentetan, baina leku gutxitan sentitu naiz Gipuzkoako hiriburuan aurrekoan sentitu nintzen bezain jokoz kanpo. Beste galaxia batean, unibertso urrun batean, kasik. Ez zen zuritoen edo kafearen prezioagatik izan: horretan, zoritxarrez, Gasteizen azkar ari gara hurbiltzen. Ez, askoz gauza xumeagoa izan zen.

Taberna batean geunden mokadutxo bat hartzen, eta gure haurrak beste haurtxo bati kasu egiten hasi ziren. Haien artean euskaraz, eta txikiaren amak ere euskaraz gure haurrekin. Handik gutxira, protokoloak eskatzen duen bezala, izenak galdetu zizkioten elkarri. Gureek beraienak esan, eta amak haurtxoarena. Eta haurtxoak Martina zeukan izena.

"'Martina! Martina batekin ari gara euskaraz jolasten!', esan nion neure buruari, onerako harrituta"

"Martina! Martina batekin ari gara euskaraz jolasten!", esan nion neure buruari, onerako harrituta. Orain orokorkeriatan hasiko naiz, barkatuko didazue… baina Gasteizen hori ez zaigu inoiz gertatzen. Bost urte luze daramatzat jada jolas-parkeetako nire curriculum vitaea atontzen, eta Gasteizen Martina batekin jolasten badugu parkean, badakit zein hizkuntzatan egingo dugun, ia ziur. Donostian izan ginen aurrekoan, baina, Sofia batekin jolastu ginen euskaraz, eta ez, ez zen padelean izan. Gasteizko parkeetan, kontrara, askotan Nahia, Danel eta Oihanekin ere gaztelaniaz jolasten gara. Baina Pesari sei euro ordaindu eta ordu eta laurden geroago Martina eta Sofiarekin euskaraz ari gara? Hori magia beltza da, lagunok. Aurreiritziz betetako buru gogor honetan ez da erraz sartu, ez.

Nahi nuke, egunen batean gure alabek haurrak badituzte, lerro hauek berrirakurri eta pitokeria galanta iruditzea; Hugo, Mateo edo Carlota izeneko haurrekin gure kaleetan euskaraz jostatzea munduko gauzarik normalena iruditzea. Bitartean, gustua hartu diodanez, jarraituko dut tarteka Irutxulo bisitatzen, ni baino dotorexeago eta garestiago jantzita doazen gurasoengana hurbiltzen, eta irrika puntutxo batez galdetzen: "Ze jatorra, nola du izena?".

Oihan Txabarri.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago