{"Ez nuen inondik espero lehoinabarrek NEURE aurpegia jango zutenik", dio negarrez Lehoinabarrak Aurpegiak Jaten alderdiari botoa emandako pertsonak. — Adrian Bott.}
Etsaiak ondo aukeratzea bezain garrantzitsua da lagunak zentzuz hautatzea. Are gehiago: zuhur jokatuz gero, esango nuke bizitzan ez dela sekula etsairik "aukeratzen", ez baita hautu kontua. Badira bizitzan lortu nahi ditugun gauzak, eta badira horretarako oztopo diren egoerak, dinamikak, eta baita, zergatik ez, pertsonak ere. Kontua da, etsaiak diren ala ez erabakitzeko orduan, zehaztea nahita eta aktiboki dauden lortu dugun horren kontra, ala testuinguruak eraman dituen horretara. Azkenik, egoera aztertuta, beharko dugu erabaki egingarriagoa den testuingurua aldatzea, ala zuzenean pertsona horien kontra jokatzea.
Badira Errota Zaharrean bakean eta delinkuentziarik gabe bizi nahi duten hainbat bizilagun, munduko beste edozein auzotan bezala. Eta badira, bizigarriak ez diren lokaletan pilatuta, marjinazio egoera garbian bizi diren dozenaka gazte. Lokal horietako jendea arazo iturri denez, bizilagunok erabaki behar dugu etsaiak diren ala ez, eta zein den arazoaren konponbidea. Polizia maizago pasatzea gure kaleetatik? Geldiaraziko al du horrek bizirauteko lapurtu behar edo nahi duena? Lokalak hustu eta bertan pilatzen direnak kale gorrira bidaltzea? Zenbat denbora pasatuko litzateke lokal horiek berriro okupatu arte, eta ez al lukete arazo gehiago sortuko etxegabetuta? Konponbiderako proposamenik gabe eta anonimoki ailegatu dira protestak auzora, disimulu handirik gabe, eskuineko prentsak eta alderdiek hauspotuta. Manifestazio horietara egoeragatik etsita gerturatzen den auzokideak ondo pentsatu beharko luke. Horiek al dira auzoaren lagunak?
Tentagarria da etsai eta lagunen arteko trintxera garbiak markatzea zuri eta beltzez: erraz ikusten dira, hala nahi bada, onak eta txarrak. Baina norabide horretan jarraitu aurretik, ondo pentsatu behar dugu guztiok. Trintxera horiek gizartearen arrakalak gero eta sakonago egiten tematuta daudenen eskutik egiten baditugu, estigmaren errazkerian erortzen bagara, konfunditzen baditugu sintoma eta gaixotasuna, ez badugu jotzen arazoaren errora… azken finean, uneko arazoak konpontzeko giltza ematen badiegu gizarte gero eta gupidagabe eta babesgabeagoa erakitzen ari diren horiei; orduan, bihar gu izan gaitezke ez daukana, gu izan gaitezke ez dena. Bihar gu izan gaitezke etsai.
Oihan Txabarri.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.