Iritzia

Itzulera bat

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2024ko uzt. 6a, 10:00

Argazkia: Bastidako eskola.

"Ez naiz garai hartan nintzen pertsona, eta oroitzapenak lausoak dira"

Sarrerako egurrezko banku luze bizkargabea nerabez beteta dago, hogei urte lehenago egoten zen bezala, baina oraingoan ni naiz nerabea ez den bakarretakoa. Pasilloko arduradunei begiratu, eta kartelak irakurrita ("HABEren C1 eta C2ko azterketak: zure txanda baino bost minutu lehenago deituko dizugu"), hamar minutu falta direla ikusita, bankutik altxatu eta pasillo luzera hurbildu naiz disimuluan, zintzilikatutako orlak begiratzera ("Orlak? Orla euskaraz 'orla' da? C2ko proba egitera nator, jakin behar nuke!"). Laugarrenean edo bosgarrenean nire argazkiarekin egin dut topo: Ternua sudadera gorri hura jantzi nuen argazkirako; seguruenik, garai hartan neukan arroparik dotoreena, baina ez nuen irribarre naturala egiten asmatu. Oraindik ere ez dut asmatzen, nik uste. Urtekideen itxurari erreparatuko nioke, baina urduri samar nago eta banoa berriro bankura, beste inoren argazkia begiztatu gabe. Tira, urte asko pasatu dira, baina oraindik hor gauzkate zintzilik, institutuaren historiaren katebegi txikitxoak aurpegi, izen eta abizenen errenkada luze batean. Bada zerbait.

"Oraindik hor gauzkate zintzilik, institutuaren historiaren katebegi txikitxoak aurpegi, izen eta abizenen errenkada luze batean"

Eraman dute nerabe saldoa lehenengo solairura, eta C2ko ahozkoa txanda honetan egingo dugun hirurak geratzen gara orain. Bigarren solairura igo gaituzte, eta prestaketa gelara sartu. Urduri nago oraindik, baina bi kasualitatek lagundu didate burua beste zerbaitetan jartzen eta kezka unetxo batez atzeratzen: prestaketa gela zaintzen dabilen azterketaria lankide ohia da, eta ikasgela batxillergoa ikasi nuen gela bera dela esango nuke, lehenengo mailakoa. Apurtxo bat zainduago dagoela esango nuke; proiektorea dago orain, eta mahaiek margo geruza berdea daukate boligrafo eta arkatzak ez jausteko dauzkaten koska txiki horietan, aspertzen ginenean Tipp-ex putzu txikiak erretzen genituen koska horietan.

Baina proba prestatu behar dut, eta ez dago denborarik nostalgiarako. Gainera, nirea ez da nostalgia; nostalgia da nahiko zenukeenean une hartara itzuli, edo, sikiera, oroitzapen ariketa horretan apurtxo batean izoztuta geratu, eta nik ez dut nahi ez bata ez bestea. Gustatzen ari zait hemen egotea, hemen egitea beste 'azterketa' bat, litekeenez, azken aldiz. Esan diezaioket neure buruari zirkulua ixten ari naizela edo horrelako zerbait. Baina ez naiz garai hartan nintzen pertsona, horren gainean eraikita banago ere, eta oroitzapenak lausoak dira, gazi-gozoak, batez ere urrunak. Horregatik ez naute gehiegi despistatu, ezta proba egitera nire laugarren mailako gelara sartu nautenean ere (hirugarren kasualitatea!). Non jarriko naiz? Zutik, ala eserita? Eman didaten egoera ondo egokitzen zaio ekarri dudan gaiari: bota diet nire txapa, uste nuen baino erosoago, eta amen batean bukatu da kontua. Klaseetako ate koloredunen aurretik azkenekoz pasa (urdina, laranja, horia; urdina, laranja, horia…) eta inongo epikarik gabe jaitsi ditut eskailerak, pentsatuz gaindituko ote dudan, institututik ateratzeko Virginiaren idazkaritzaren ondotik pasata, baina lerro hauek idatzi arte Virginiaz gogoratu gabe.

Oihan Txabarri.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago