Joan egin zitzaigun hauteskunde-gaua, eta harekin joan ziren eraman ohi dituen gehigarri guztiak. Bukatu ziren eztabaida etiko-terminologikoak, agortu ziren "egun historikoen" aipamenak (baina etorriko dira gehiago, lasai!), eta akabo aldaketarako deiak. Eskerrak, zeren eta alderdi guztiek besarkatu baitzuten "aldaketa" hitza, baita urte luzez ezer aldatu ez dutenek ere, okerrera izan ez bada. Lasai, ordea: bozkatu egin zenuten, ondo bozkatu ere, eta urrunean entzuten duzuen burrunba hori Osakidetza salbatzera datorren mediku eta erizain armada erraldoiarena da. Hala ulertu nuen nik, behintzat.
Tira, dakigunez, bozketak bukatzearekin batera baretzen dira hil ala bizikoak ziren gai denak. Eta orain bai, orain molestatzen zuten gaiez mintza gaitezke berriro. Botoak ez galtzearren aipatu gabe utzitako zera inportante horietaz. Esaterako, kanpainan nekez aipatu ziren euskaldunon hizkuntz eskubideak. Euskarazko debatean gaia ez zen agertu: ematen zuen herri soziolinguistikoki normal batean geundela; hori, edo ez zuten aipatu nahi izan familia-bazkarietan senideen minbiziak aipatzen ez diren arrazoi berarengatik, zalantza daukat. Erdarazko debatean Voxeko hautagaia saiatu zen gaua alaitzen, euskarari ihes egiteko Castro eta Mirandako bidea hartutako ikasle exiliatuen exodoa deskribatuz, baina inork ez zuen irudi lisergiko hura baliatu, pedagogia apur bat egiteko, sikiera.
Atera al gaitezke orain, ke pesaus, eskola publikoaren astunak?
Eta zer esan hezkuntzaz, hauteskunde-eztabaiden beste mamu ikusezinaz. Atera al gaitezke orain, ke pesaus, eskola publikoaren astunak? Ze, kanpainagatik balitz, emango luke hezkuntza-legearen ituna ez zela mila zatitan lehertu, ez garela bizi eskola-segregazio tasa handia duen lurralde batean, ez gaudela legez kanpoko kuotak kobratuz errenta bidezko segregazioa ahalbidetzen duen toki batean… Emango luke ez garela bizi zenbait eskola publikotako lerroak ixten saiatu den gobernu autonomiko baten menpe, lerro horietan eskaria osoa izan den arren. Aurten ezin izan dute, azkenean, matrikula- eta hauteskunde-garaia elkarri gainjarri zaizkiolako. Baina, datorren urtean, eserleku-banaketaren Damoklesen ezpatarik gabe, auskalo. Bide batez, imajinatzen aldrebes izan balitz? Imajinatzen duzue Jaurlaritza saiatzen gelak kentzen matrikula nahikoak izan dituzten itunpeko eskolei? Barkatu, e. Behin esan zidaten ona zela zutabeak umore puntu batez bukatzea, baina agian pasatu egin naiz.
Oihan Txabarri.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.