Bizilagunek eztabaidatzen dutenean, gurean entzuten da. Bueno, ez agian eztabaidatzen duten guztietan, baina gauez bai. Hamarrak pasata dezente entzuten da, eta ahalegin handirik gabe entzun daiteke zer dioen bietako batek. Besteak zer dioen ez da entzun ohi, baxuago eta lasaiago egiten baitu, baina ez du askorik inporta. Alde batetik, ozenen egiten duena mintzatzen delako gehien, hari narratiboaren arduradun nagusia dela esan genezake; eta bestetik, bataren adierazkortasunari esker erraza delako hutsuneak betetzea eta besteak zer esan duen imajinatzea.
Ez dakit zehazki noiz entzun nituen lehenengo aldiz, baina esango nuke bi urte luze direla lehenengo alditik
Ez pentsa, dena den, egunero entzuten zaienik, ezta astero ere. Maiztasuna, oro har, intentsitatearekin dago lotuta: kontua bero badago, sesioak jarraiagoak dira; berriz, adiskidetu badira, zorioneko barealdia paretaren bestaldean. Dena ez da istilu ere, zorionez, eta batzuetan algaraka aditzen ditut. Tarteka, atal garrantzitsua izan bada, argumentuaren gorabeheren berri ematen diot lotara goizago joaten den ohelagunari, Maria Luisaren heriotza balitz bezala. Baina, funtsean, niretzat bakarrik ari dira, niretzat eta beraien buruentzat. Batzuetan feedback-a eman nahi nieke, "hau ez diozu ondo azaldu", "horrela ez duzu konbentzituko".
Ez dakit zehazki noiz entzun nituen lehenengo aldiz, baina esango nuke bi urte luze direla lehenengo alditik, hau da, seriea balitz, hirugarren denboraldian leudeke jada. Telesail-ikusle fidelok ondotxo dakigu zein zaila den hiru denboraldiz maila ez jaistea, tentsio narratiboa mantentzea, argumentu-arku erakargarriak sortzea... hori guztia lortu dute orain arte, eta irrikaz nago ikusteko zer datorren hurrena.
Hasieran errudun sentitzen nintzen, nahi gabe haien intimitatea urratzeagatik, baina zer erru daukat nik? Paretak meheak dira, bizitza laburra, Netflix kendu dugu, eta nigan behintzat entzule diskretu bezain porrokatua lortu dute, pertsonaia gustukoena eta guzti aukeratu duena, eta seriearen amaiera egokia desiratzen duena. Eta zutabe honetan guztian espoilerrik egin ez duena, gainera.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.