Guraso (ez) izateko gida ezdeusa

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2023ko ots. 3a, 08:00

Arg: The Simpsons

"Ihes egin 'guraso izateak pertsona hobea bilakatuko nau' dioten flipatuengandik"

Gorroto ditut gurasotasunaren inguruko diskurtso mistikoak, "guraso izateak bizitza errotik aldatuko dizu" eta abar dioten horiek. Baina ezin diodanez uko egin absurdua izateko aukera bati, orrialdeotara etorri naiz kontatzera nola guraso izateak bizitza errotik aldatu didan. Didan edo zidan, ez dakit. Zein aditz-denbora dagokie begiak itxi eta ireki igarotako hiru urteri? Hori nire lehen apuntea: ikasle bizitzatik lan-mundura pasatzean ohartu bazinen asteak motel eta urteak arrapaladan pasatzen hasi zitzaizkizula, pixoihalak aldatzen hasi orduko lotu segurtasun-uhala.

Itzul gaitezen, baina, abiapuntura. Guraso izateak bizitza errotik aldatuko dizu. Egia? Bai. Balio al dio inori esaldi horrek? Ez. Guztioi ez zaigu berdin aldatzen, eta alferrik da aldaketok aurreikusten saiatzea, edo datorrena imajinatzea. Zure inguruko baldintza materialak nola aldatuko diren pentsatzea erraza da, baina ezinezkoa da buru barruan aldatuko zaizuna jakitea. Kontuz, esaldi mistikoen kontrako bigarren abisua: ihes egin "guraso izateak pertsona hobea bilakatu nau" dioten flipatuengandik. Ez, ez zaitu pertsona hobea egingo. Zure gabeziak ageriago geratuko dira, eta bertuteak ahal bezala zukutu beharko dituzu. Bikote harremana baduzu, hiru bat kiloko bonba negarti kakontzi batek eraitsiko du, eta gurasokide harremana garatu ahala berreraiki beharko duzue aurrekoa bezain sendoa den zerbait. Gutxiago eta okerrago egingo duzu lo, denbora gutxiago izango duzu zuretzako… izan ere, denborarik izango al duzu zuretzako?

Ezin dizut esan zer eragingo dizun gurasotasunak barrenean, ez zaitudalako ezagutzen. Ondo ezagutuko bazintut ere, ezingo nuke asmatu; eta asmatuko banu ere, ez zenidake sinetsiko. Esan ahal dizut niri aldatu dizkidala (zizkidala?) lehentasunak, kezkak eta beldurrak. Neure buruaren aurrean biluztu nauela, onerako eta txarrerako. Egun batzuetan galduta nabilela, eta beste batzuetan klik egiten duela guztiak. Eta, zutabe kontraesankorrak idazteari bezala, ez niokeela sekula uko egingo.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago