Bene-benetan, herrena berbetan

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2018ko aza. 2a, 10:23

"Aste eta erdi honek ezin du balio normalizazioaren erantzukizunaren zama nagusia erakundeei kendu eta gizabanakoengan jartzeko".

Nabarituko zenuten, baina badaezpada, hona egutegi-abisua: beroketaren azken txanpan sartu gara, hiru aste barru hasiko da Euskaraldia. Eta nabarituko zenutela diot, jada areagotu delako promozio-argazki eta atxikimendu ekitaldien desfilea. Guztiek nahi dute argazkiaren zatitxo bat, eta hori ere bada euskalgintzaren garaipenetako bat. Ez inportanteena, inondik inora, baina hainbeste urtetako lan eskergak baditu zeharkako onura batzuk, agerikoenetarikoa horixe, euskara cool dela, euskararen alde agertzea progrea dela. Aspertzen bazarete, zoazte Euskaraldiaren webgunearen "Sustatzaileak" atalera eta ikusi, zein zabala eta anitza den erakunde publiko eta pribatuen zerrenda. Euskararen normalizaziorako espreski jaioak batzuk; euskarari diru, denbora eta ahalegin dexente eskainitako beste batzuk badira, eta erdaraz nagusiki edo %99an jarduten direnak ere egon badaude.

Kasu, ez naiz kritikatzen ari. Esku artean daukagun esperimentu honek emango dituenak aprobetxatu beharreko bibrazioak dira, eta ez da momentua hatz erakuslea paseatzera ateratzeko. Besteak beste, ispilua ere seinalatzen bukatuko genukeelako. Beraz, ongi etorriak ahobizi eta belarripresten batzar ibiltarira guzti-guztiak, militanteenetik interesatuenera. Goazen geure buruei erronka egitera, ohiturak aldatzen saiatzera, gure hizkuntza ikusaraztera eta euskaldun pasiboak armairutik ateratzera. Baina aste eta erdi honek ezin du balio normalizazioaren erantzunkizunaren zama nagusia erakundeei kendu eta gizabanakoengan jartzeko.

Barka nazala Joxan Artze zenak, baina normalean hizkuntza bat ez da galtzen dakitenek erabili nahi ez dutelako, beste batzuek debekatu, zapaldu eta oztopatu dutelako baizik. Euskalduna herrena da hanka moztu ziotelako. Ibili daiteke, eta ibiliko da. Korrika egin dezake, eta egingo du. Baina makulua eskatzeko eskubide osoa du, eta makuluaren ostean gurpil-aulkia, zapata bereziak eta beharrezkoa duen guztia. Hamaika egunez ibiliko gara, bai. Gustura ibili ere. Eta gero, ortopedia kontuak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago