Frenesia

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Antia 2026ko ekainaren 20a

Argazkia: @dnavarro1975 / ARF

"Gogoan dut nerabea nintzenean, gaztea, aspertzeko denbora ere izaten nuela udan!"

Calderon de la Barcaren esaldi famatu bat dago: "Zer da bizitza? Frenesi bat". Agian irakurleren batek (batez ere jada urte batzuk baditu) gogoratuko du hitz horiek Segismundok esaten dituela La vida es sueño antzezlanean. Eta hortik aurrera doa esaldia: "Zer da bizitza? Lilura bat, itzal bat, fikzio bat…".

Baina tira, ez naiz sakontasun horietan sartuko, eta frenesiarekin geratuko naiz. Ze, nire ustez, Gasteizko uda, batez ere ekainean eta uztailean, hori da: frenesi hutsa. Etengabe antolatzen dira festak, kultur eta kirol ekitaldiak eta kontzertuak aire zabalean, areto eta zentro ezberdinetako programazioa mantentzen den bitartean.

Oraindik Kaldearteren erresakarekin jarraitzen dugu. Noski, 32 konpainia eta 58 ikuskizun izan dira, eta gainera doan… luxu hutsa. Eta azken asteburuan, gainera, Gazteklasika eta Errota Anitza lasterketa izan dira beste aukerak. Datozen egunetan Azkena Rock eta Musikaren Eguna izango ditugu. Hilaren amaieran, Nazioen Jaialdia hasiko da. Eta uztailean, gehiago: Aztarna Beltza, Jazzaldia, Blusen eta Nesken Eguna, besteak beste.

Ez ditut ahaztu nahi auzoetako jaiak ere. Gehienak ekainean antolatzen dira. Arana, Txago, Santa Luzia, Adurtza eta Ibaiondokoak pasa dira jada; orain, eta San Joanerako Judimendi eta Arriaga. Gero etorriko dira Alde Zaharra, Salburua eta Aranbizkarra. Azkenak uztailean eta udazkenean. Abuztuan, noski, Andre Maria Zuriaren jaiak, bere programazio potoloarekin.

Teorian, uda eta oporrak atseden hartzeko eta pilak kargatzeko dira. Baina hainbeste ekitaldi erakargarri egonda, deialdiak eta estimuluak kontzentratzen dira. Eskaintza ugaria, anitza eta eskuragarria egotea beharrezkotzat jotzen dut, jendeak kulturaz gozatzeko aukera izan dezan. Baina halako asetasunarekin izan behar al du?

Agian norbaitek esango du: "Ba, ez joan, eta kitto". Baina egia esan, posible al da guztiz deskonektatzea? Ez dut uste. Gurea bezalako hiri ertain batean, ekitaldi hauek nonahi hedatzen dira: kalean, albisteetan, sareetan eta solasaldietan ere bai.

Gogoratzen dut nerabea nintzenean, gaztea, aspertzeko denbora ere izaten nuela udan. Opor luzeagoak nituen, eskaintza eta planak askoz gutxiago ziren, eta patxada handiagoa nuen, seguruenik. Ez dut nostalgiaz esaten, ezta uste ere iraganeko garai guztiak hobeak zirenik. Baina badirudi urteak aurrera joan ahala, gero eta gehiago baloratzen ditudala lasaitasuna eta bakea… frenesi horren antonimoa, alegia.

Nerea Antia.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago