Aitortzen dut zientzia fikziozko film eta telesailak gustatzen zaizkidala; bereziki, izarrarteko bidaiak kontatzen dituztenak, agian, ihes egiten laguntzen didatelako.
Aitortzen dut, halaber, horrelako gustu zinematografikoak izan arren, apiril honetan, ilargira joateko Artemis II misioarekin zerikusia duen guztiaz paso egiten saiatu naizela. Eta ez zait konplikatua iruditu, futbolarekin bezala gertatu zait: ematen du nire buruak deskonektatu egiten duela…
Propaganda ariketa izugarria izan dela uste dut. Izan ere, NASAko administratzaile batek argi esan du: astronautak "profesional perfektuak" izateaz gain, "komunikatzaile handiak" ere badira, "baita poetak ere". Gure garai hauetan, komunikatzeko gai izatea lanean espezialista ona izatea bezain garrantzitsua da.
Egia esan, esan behar dizuet, baita ere, neurri batean bakarrik izan naizela gauza abstraitzeko, informazio zalaparta etengabea eta ugaria izan baita. Nola ez jakin maskota gisa pelutxe bat eraman dutela, pixatokiarekin izan duten arazoa, eta nola ez begiratu bidali dituzten gure planetaren argazki ederrak... Sare sozialak elikatu behar dira.
Sareak aipatzen ditudanez, aitortu behar dut X sarea erabiltzen dudala eta bertan ikusi nuela –eta ikustea gustatu zitzaidala–, emakume astronautari, etxera bueltatzean, bere txakurrak egin zion harreraren bideoa. Kontraesanak, beti…
Jakitun naiz horrelako espazio-misioak gauzatzeko behar den guztiaz, prestakuntza lanetan, aurrerapen teknologikoetan, ekoizpen industrialean, herrialde eta enpresen arteko lankidetzan. Baina ezin dut burutik kendu (topikoaren topikoa dela jakinda), zer lortuko litzatekeen diru hori guztia, ahalegin eta ilusio horiek guztiak, lankidetza itzel hori erabiliko balira astronauten argazkietako planetak eta bertako biztanleek dituzten premia larriagoei erantzuteko.
Azkenaldi honetan, giza espezieko kide gisa dudan autoestimua lur jota dabil. Eta zainetan sartzen dizkiguten "abentura mitiko" hauen bidez, niri dagokidanez, lortzen duten gauza bakarra gogo-aldarte horretan sakontzea da.
Nerea Antia.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.