Abendua hasi berria dugu eta egutegia ospakizunekin bete-beterik agertzen zaigu. Gabonetako argiak ofizialki piztu ondoren, hilaren hasierako jaiegunetan, Ardoaraba eta Durangoko Azoka.
Baina, bestelakoen gainetik, erabat murgilduta gaude Gabon giroan. Jatorriz kristaua zen ospakizun honen inguruan zenbait trinomio antzematen ditut. Olentzero, Errege Magoak eta Papa Noel –ondo datozkigu denak– bat izan daiteke. Gure hirian beste bat dago, izotz-pista, noria eta merkatuak batzen dituena. Ahaztu gabe neurriz gabeko janaria, opariak eta egun hauetarako apropos egiten diren jantziak. Oro har esan daiteke Gabonak, gehiegikeria eta zoriontasunak osatutako trinomioa nagusi dela.
Bitxia da ikustea nola egiten genuen barre lehen denok Vigoko alkateak argi distiratsuekin egiten zuen propagandarengatik…. Eta orain, bere arrastoari jarraituz, argi eta apaingarriekin norgehiagoka ari dira herriak eta hiriak.
Urtarrilerako eta bere aldapa famaturako uzten ditugu bizimodu osasuntsuari buruzko erreferentziak eta nutrizio aholkuak, eta janarietan, edarietan eta, batez ere, gozokietan, etengabeko gehiegikeriara jotzen da, egun hauetarako kortsarioen baimena izango bagenu bezala.
Eta hori ez da janariekin bakarrik gertatzen. Iraunkortasuna (eta horrek dakarren, edo berekin ekarri beharko lukeen austeritatea) aldarrikatzetik, neurriz kanpoko erabateko gehiegikeriara pasatzen gara lasai asko.
Eromen kolektibo gero eta handiago honetan sartzen ari garenean, momenturen batean, beti oroitzen naiz bakarrik daudenekin, triste daudenekin, arrazoi ezberdinengatik istorio honekin zerikusirik ez duten guztiekin, jaten ditugun animaliekin…
Baina, kontuz! Ni ez naiz zaputz amorratu horietako bat. Gabonen oroitzapen ederrak ditut; gure familia zabalean gogoz eta alaitasunez ospatzen genituen. Ez dakit nola lortzen zuten amonak eta izebek handia ez zen sukalde hartan dastatzen genuen guztia prestatzea. Ez genuen ere oilarraren meza delakoa galtzen, Mississippiko arrakeroen antzera kartetan jokatzen jarri aurretik.
Ez dakit, agian horrela definitu daiteke bizitza... Gabonak antzemateko modu ezberdinen artean igarotako urteak: haurtzaroko gozamenetik, zahartzaroko asperraldira.
Nerea Antia.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.