Gaur egun vintage kategoria ere izango ez zuen irrati-kasete batean jartzen zituen gure amak Mixel Labegerieren abestiak. Horien artean, Bakearen urtxoa izenekoa. Urte pilo bat igaro dira, baina gogoan ditut musika eta letra ia osoa.
Labegeriek oso testuinguru ezberdinean idatzi eta kantatu zuen (bere lehen diskoa 1961ekoa da), baina gaurkotasun osoa duela iruditzen zait eta, niri behintzat, itxaropen pixka bat transmititzen dit, gerra-danborrez, indarkeriaz, tentsioz eta hitz gogorrez gainezka dauden garai garratz hauetan. Leloak dioen bezala, ez beha gau beltzari, bainan bai izarreri! Bakea dela zueri!
Baina, itxaropenaz gain, letrak gauza gehiago iradokitzen dizkit. Usoa, kantu honetan, eta gizakiok antolatutako hainbat ekitalditan, nahi eta maite dugun bakearen sinbolo gisa erabiltzen dugu. Zenbat uso ikusi ditugu hegaldatu arazi dituztenean, sinbolismoz beteriko ekitaldi hunkigarrietan... Eta, aldi berean, desagerrarazi beharreko izurritetzat ere hartzen dute erakunde eta pertsona askok. Azpimarratu nahi dut, kasu honetan, desagerraraztea bakea eta indarkeriarik eza sinbolizatzen duen espezie horretako norbanakoak edozein modutan harrapatzea eta akabatzea da. Ahaztu gabe, gainera, usoak apaingarri moduan ekarri zirela gure hirietara garai batean, gure kaleak politago egiten zituztelakoan. Orain zikindu egiten dutela uste dugu (guk gizakiok zikinduko ez bagenu bezala...) eta gaixotasunen bektoretzat hartzen ditugu (guk gaixotasunik transmitituko ez bagenu bezala...) Bitxia eta kontraesankorra da, ezta?
"Bakearen urtxoak ezin du bakerik eraiki berak bakarrik..."
Baina, egia esan, gizakiok kontraesan etengabean bizi gara. Antza denez, gure izaerari lotuta dago. Kontraesanak norberarenak zein besterenak izan daitezke, denetarik egongo da. Suposatzen dut ia ezinezkoa dela gure eguneroko jokabideetan ehuneko ehunean koherenteak izatea, baina gainerakoei erabateko koherentzia eskatzen diegu, askotan sutsuki.
Erabateko koherentzia ia ezinezkoa dela uste dut. Era berean, badakit bakea eskatzen eta exijitzen badut, bakea bizitzako ingurune, xehetasun eta une guztietan eraikitzen lagundu behar dudala. Bakearen urtxoak ezin du bakerik eraiki berak bakarrik, nahiz eta hegan egin eta bere lili eztia orori eskaini. Denok behar gaitu. Kontraesanak kontraesan, gutako bakoitzak, eguneroko bizitzan eta jardunean, ekarpenak egin ditzakegu, gauza txikiak izanda, mikro eta makro arloetan, guztiontzat inguru baketsuagoak, atseginak, seguruak eta bizitzeko aproposak izan daitezen.
Nerea Antia.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.