iritzia

Emeak

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Antia

'Emeak' liburua kaleratu du Lucy Cooke zoologoak. Argazkia: LUCY COOKE

"Ama izateak oinazez betetako bizitzak ezartzen dizkie behiei, oiloei, txakur emeei..."

Asteburu honetan Baztanen egon gara, eta Elizondoko liburu denda interesgarri batean –Akelarre Kulturgunea du izena–  harrapakin bikaina eskuratu nuen. Lucy Cooke zoologoaren Emeak liburua. Minutu erdi batez pentsatu gabe erosi nuen. Ez bakarrik izenburua edo azala erakargarriak direlako. Kontua da berehala konturatu nintzela gaia, nolabait, ezaguna nuela eta noizean behin buruan bueltaka darabilzkidan ideia eta sentimendu batzuekin konektatuta dagoela.

Esaterako, beti pentsatu dut oso bitxia dela nola sartzen ditugun gizakiak ez diren animalia guztiak zaku berean; hain zuzen ere, "animalien" zakuan (horrela, oro har), "gizakion" zaku pribilegiatutik guztiz aparte, non geu besteengandik modu artifizialean aldentzen garen, kreazioaren gailurrean kokatuz. Animalien zaku horretan sailkatuta –eta nahastuta– daude, bi aipatzearren, inurriak eta gorilak, azken hauek gure ahaide ebolutibo hurbilenak badira ere, eta gure espezieen arteko antzekotasun genetikoa %95 eta %99 artekoa izanik. Baina kontua ez da sailkapenarekin amaitzen, zaku horretan sartzearen ondorioz, gure aldetik bigarren mailako kontsiderazioa ematen diegulako gizakiak ez diren guztiei.

Beti pentsatu dut oso bitxia dela nola sartzen ditugun gizakiak ez diren animalia guztiak zaku berean

Eta animalien zaku erraldoi horren barruan faunaren arku osoko espezieak nahastuta badaude, zer esan sexuari dagokionez… arrak eta emeak berdin-berdin hartzen dira. Baina bere liburuan Cookek gogoratzen eta desmitifikatzen du nola zientziak, neurri handi batean, animalien feminitatearen espektroaren zati handi bat alde batera utzi duen (eta mespretxatu ere bai, nik esango nuke).

Bestalde, produktu ezberdinak lortzeko ustiatzen ditugun espezieetako emeek pairatzen duten tratua ikaragarria iruditu zait beti… Eta indiferentzia osoz... Ama izateak oinazez eta sufrimenduz betetako bizitzak ezartzen dizkie behiei, ardiei, oiloei, txerramei, behorrei, txakur emeei eta beste askori. Richard Dawkinsek Gen berekoia izenburuko bere liburuan hau zioen: "Emea esplotatua da, eta esplotazio horren funtsezko oinarri ebolutiboa obuluak espermatozoideak baino handiagoak izatean datza". Izan ere, Dawkins Cooke-n irakaslea izan zen...

Hau guztia dela eta, gogoz eta interesez irakurriko dut Emeak liburua, bai. Eta espero dut lagungarria izango dela begiradak irekitzeko eta abere guztiekiko begirunea eta errespetua zabaltzeko; irekitze eta zabaltze horretan, noski, ni bezala emeak diren guztiekiko begirunea eta errespetua sartuta ere.

Nerea Antia.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago