Iritzia

Wendy

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Antia 2024ko abe. 15a, 10:00

Argazkia: Freepik.

"Interneten bidez izan genuen haren egoeraren berri. Ez dakigu ezer bere iraganaz"

Izena badu, bada. Esaera zaharrari kasu egiten badiogu, Wendy izena duen izakiak izaera propioa du. Hau da, berezko autonomia eta interesak izateaz gain, Wendyk "norbait" bakar eta errepikaezin egiten duten ezaugarri partikular eta indibidualak ditu. Eta, noski, badu bizi-ibilbide bakar eta errepikaezina, luzerako doana.

Levantetik etorri zen 2013an. Internet bidez izan genuen haren egoeraren berri. Familia baten bila zebilen, erreskatatu zuen elkartearen egoitzatik. Ez dakigu ezer bere iraganaz. Egia esan, badirudi bere bizitza ez zela jaio zenean hasi, babesletzan sartu zenean baizik. Ez dakigu ezer ere bere lehen bi urteei buruz: zer-nolako familia edo bizimodua izan zuen, tratu txarrak, abandonua edo ezbeharren bat jasan zituen. Ideiarik ez… berak ezin digu kontatu.

Garraiolariaren furgonetatik jaitsi zen momentuan bertan jatorra zela konturatu ginen. Eta hasierako inpresio hori egunero baieztatu dugu, izan ere, bere bizipoza eta grazia nabariak baitira. Aurretik zekarren motxila ez da eragozpena izan inguruan dituenen bizitza alaitu eta betetzeko.

"Izugarria da egiaztatzea, urtez urte, etxe-abereen abandonu kopurua mantendu ez ezik, handitu ere egiten dela"

Gabonak hain gertu ditugunean, zenbait kontu etortzen zaizkit burura. Batetik, 2013an loteria tokatu zitzaigula. Bestetik, zenbat Wendy oparituko diren Olentzero, Santa Claus edo Errege Magoen izenean. Eta, azkenik, urtarrila pasatu eta hilabete batzuk geroago, zenbat Wendy aterako dituzten beren etxea izan denetik, abandonuaren zerrenda amaigabearen parte izateko; edo, beste era batera esanda, ibilgailu batek harrapatu, asilbestratu moduan bizi edo –zorte apur bat izanda– animaliak babesteko zentro batera joateko.

Izugarria da egiaztatzea, urtez urte, etxe-abereen abandonu kopurua mantendu ez ezik, handitu ere egiten dela. Eta justu, gizakiak ez diren animaliekiko kontzientzia eta begirune mailak hain altuak direla suposatzen denean... Gure hiriburu green honetan, udalaren datuen arabera, azken hiru urteetan, 460 txakur baino gehiago abandonatu dituzte Araban, eta 600 katu baino gehiago Gasteizen.

Existitzen den guztiak izena badu, zein hitz erabil daiteke halako jokabideei deitzeko?

Ezagutzen ditudanak motz geratzen zaizkit... 

Nerea Antia.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago