iritzia

Aztoragarria

Erabiltzailearen aurpegia Nerea Antia 2024ko urr. 5a, 09:30

Argazkia: Amnesty International.

"Aztoragarria da XXI. mendean gogoratu behar izatea erabateko zentzugabekeria dela inor hiltzea"

Bitxia iruditu zait iraila bukaerakoa: giza eskubideen urraketa masiboen artean, zenbait aldiz azaleratu baita heriotza zigorraren kontua.

Urtero bezala, irailaren 27an gogoratu genituen frankismoaren azken exekuzioak.

25ean jakin genuen Paco Larrañaga euskal-filipinarra baldintzapeko askatasunean geratu dela. 2004an heriotza-zigorra ezarri zioten bi emakume bahitu, bortxatu eta hiltzeagatik. Beti esan du errugabea dela, hilketak gertatu zirenean beste irla batean zegoela. Paco Martutenera ekarri zuten, Filipinek heriotza zigorra indargabetu eta Espainiarekin presoak lekualdatzeko hitzarmena sinatu ondoren.

26an kontatu ziguten Iwao Hakamada (88 urteko agure japoniarra) absolbitu zutela, 45 urtez exekuzioaren zain egon ondoren. Bere arreba nekaezinari esker, epaiketa berri bat lortu eta bertan frogatu zen bere kontra erabilitako frogak faltsuak zirela.

Ezinbestekoa zait errepasoan Estatu Batuak aipatzea… Heriotza-zigorra eta suzko armen erabilera bere nortasun-ikurren artean dituen herrialde honetan, orain arte, 200 pertsona errugabe atera behar izan dituzte korridoretik. Hau horrela izanda, irailaren 20an, Hego Carolinak, hamahiru urteren ondoren, heriotza zigorra erabiltzeari ekin zion berriro, Freddie Owens exekutatuz. Egun batzuk geroago Marcellus Williams akabatu zuten Missourin.

Zigor krudela da, ez du inolako disuasio eraginik delinkuentziaren aurrean eta akats judizialak atzeraezin bihurtzen ditu

Amnesty Internationalek zehatz-mehatz dokumentatzen ditu heriotza zigorrari buruzko datuak. Dirudienez, mundu osoko exekuzioek nabarmen egin zuten gora 2023an. Iaz gutxienez 1.153 pertsona exekutatu ziren (zeren Txinan zifrak isilpean gordetzen baitira). Eta hori kopururik handiena izan da 2015etik hona (urte hartan, 1.634 exekuzio dokumentatu zituen AIk). Eta erregistratutako exekuzioak 16 herrialdetan bakarrik gertatu ziren; gehienak Iranen (853 baino gehiago) eta Saudi Arabian (172).

Aztoragarria da XXI. mendean gogoratu behar izatea erabateko zentzugabekeria dela inor hiltzea, gizartearen aurrean irudikatzea hiltzea edo delitua egitea txarra dela.

Heriotza zigorra erabiltzeak bizitzarako eskubidea urratzen du. Zigor krudela da, ez du inolako disuasio eraginik delinkuentziaren aurrean eta akats judizialak atzeraezin bihurtzen ditu. Abolizioa eskatzeko eta zigor hau berriro legedian ez sartzeko arrazoiak ez zaizkigu falta. Baina onartzen dut zaila dela arrazoiak entzun araztea, pertsonen eskubide oinarrizkoenak zapaldu eta mespretxatzen diren mundu batean, egunero, hurbil eta urrun.

Nerea Antia.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago