Demokrazian bizitzeko, gure sisteman behintzat, ezinbestekoa da gure ordezkariak aukeratzeko hauteskunde deialdiak izatea. Argi dago udaberri honetan oso modu intentsiboan erabiliko dugula botoa emateko eskubidea… Igandean, 21ean, legebiltzarkideak hautatuko ditugu Euskadin. Katalanek gauza bera egingo dute maiatzaren 12an, eta ekainaren 9an europarlamentarioak aukeratuko ditugu. Gertuago ala urrutiago, hiru prozesuak garrantzitsuak direla iruditzen zait, eta dagozkidan bietan parte hartuko dut.
Honelakoetan, momenturen batean, burura etortzen zaizkit botorik ez dutenak. Giza kolektiboan adingabeak edo botoa emateko ezgaituak dira. Eta, adingabeen kasuan, boto-emaile ez izatearen egoera iragankorra da.
Baina bada kolektibo erraldoi bat inoiz erabakitzen eta bozkatzen ez duena, familia, interesak, beharrak, bizi-proiektu propioak izan arren. Ez daude munduko beste muturrean, gure ondoan edo gure artean bizi dira eta guzti-guztiak, intsektuak zein oreinak, "animaliak" izeneko zaku handian sartzen ditugu.
Gustatuko litzaidake animalien defentsa eta babeserako neurriek hauteskunde-programa eta eztabaidetan merezi duten presentzia eta tratamendua izango balute
Badakit izaki horientzat hauteskunde-programa bat irakurtzeak, hauteslekuan karneta erakusteak edo botoa hautetsontzian sartzeak ez duela inolako zentzurik. Noski. Niretzat ere ez du zentzurik hegoak luzatu eta libreki hegan egin ahal izateak, hegorik gabe jaio nintzelako. Baina txolarreentzat, akaso, eskubide hori aitortzea ezinbestekoa izango litzateke…
Kontua da kezkatzen nauela errealitatean zer suposatzen dien milaka eta milaka izaki horiei bozkatzeko eskubiderik –eta inolako eskubiderik– ez izateak: beren behar, interes eta bizitzak modu sistematikoan alboratu eta mespretxatzen ditugula. Edo, animaliei erreparatuz gero, askotan, esplotazio eta sufrimenduaren objektu bihurtzeko egiten dugula.
Bai, salbuespenak daude; gaur egun, zoritxarrez, testimonialak. Gainera, ni behintzat ez nintzateke oso eroso sentituko, ezta oso lasai ere, berdintasun politikak gauzatzeko balizko alderdi feminista batek ordezkaritza lortu beharko balu. Gustatuko litzaidake animalien defentsa eta babeserako neurriek hauteskunde-programa eta eztabaidetan merezi duten presentzia eta tratamendua izango balute. Baina, ikusitakoak ikusita, argi dago aldian-aldian buruan burrunba egiten didan kontu honek noraezean jarraitzen duela utopien itsasoan.
Nerea Antia.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.