Abenduaren 10ean Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak 75 urte beteko ditu, gizaki ororentzako askatasuna, justizia eta bakea lortzeko goi-asmoarekin. Ez da agiri arrotza euskaldunontzat: idatzi zutenen artean Rene Cassin lapurtarra dugunez, Eusko Jaurlaritzaren giza eskubideen sariak bere izena dauka.
Deklarazioa, ziur asko, munduan gehien ezagutu, itzuli eta aipatutako dokumentuen artean dago. Ziurrenik ere, urratuenetako bat da. Hala egiazta dezakegu egunero, edozein albistegitan. Hau idazten ari naizenean, El Hierroko irudiak ageri dira, gatazketatik eta pobreziatik ihesi doazen pertsonez beteriko ontziekin. Irango bi emakume kazetariren argazkiak jarri dituzte ere; beren lana eginez, Mahsa Aminiren kasuaren berri emateagatik kondenatu dituzte. Jakina, Palestinan sortu duten infernuak eta Ukrainako gerrak albistegiak betetzen jarraitzen dute. Ematen du espazio hori ez dagokiela rohingyei, yemendarrei, siriarrei, afganiarrei, sahararrei... 75. urteurren honetan "bizirik" dirauten beste gatazkak ez dira inondik ere azaltzen… Aldarrikapena posible egin zuten ideia eder eta itxaropentsu haiek errealitate bihurtzea zaila dirudi.
"Nork pentsa zezakeen, garai hartan, ingurumen-krisi larria sortuko genuela?"
Egoera tamalgarri hori gorabehera, nire ustez giza-eskubideen agiria garrantzizko abiapuntu eta oinarria izan da, nazioarteko zuzenbidea eratzeko eta arau eta konstituzio asko idazteko. Eta, jakina, erabilgarritasun argia du boterea dutenen jarduerak neurtzeko, eta pertsona, talde eta herrientzako salaketa, aldarrikapen eta erreklamazioetarako ezinbesteko iturria da.
Efemeride hau dela eta buruan pil-pilean dauzkadan ideietako beste bi partekatu nahi nituzke. Zalantzarik gabe, 1948ko testuinguruan axola zitzaiena landu behar zuten. Nork pentsa zezakeen, garai hartan, ingurumen-krisi larria sortuko genuela eta naturaren eta hurrengo belaunaldien eskubideak lehen mailako erronkak izango zirela?
Giza Eskubideen Aldarrikapenak, bestalde, planetako biztanleen zati txiki bat baino ez du fokuan. Gizakiok "espezie nagusi" moduan funtzionatzen dugu, oso ikuspegi selektiboarekin, mundu honetan gure kide diren gainerako animalien eskubideak edo interesak ikusi eta aintzat hartu gabe.
Gai izango al gara, 1948an bezala, bidean geldialdi bat egiteko, "honaino" esateko eta guztion artean guztiontzako etorkizun duina eraikitzeko? Bob Dylanek kantatzen zuen moduan, the answer is blowin' in the wind? Ala gutako bakoitzak eman behar du erantzuna, eta horren arabera jokatu?
Nerea Antia.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.