Errezetak

Albaka beganesaz beteriko boniatoak

Erabiltzailearen aurpegia Museo del Organo 2021ko mar. 20a, 12:00

Gauza berriak ikasteko eta familiarekin gozatzeko elaborazio berri eta erraz bat proposatu du Museo del Organok: albaka beganesaz beteriko boniatoak. Emaitza desberdinak izango ditu, aukeratzen ditugun barazkien arabera.

Etxeratze-aginduarekin jarraitzen dugu, eta denbora hori aprobetxatzen ari gara gauza berriak ikasteko eta gure familiekin denbora gehiago pasatzeko. Zalantzarik gabe, aitzakia ona da gure sukaldeetako elaborazio berriekin esperimentatu ahal izateko.

Oraingo honetan, plater erraz bat prestatuko dugu, nahi adina aldiz egin ahal izango duguna, eta emaitza desberdinak izango dituena, aukeratzen ditugun barazkien arabera. Inoiz baino gehiago, gure etxeetako sukaldeetan eta jatetxeko sukaldean, hurbileko produktu ekologikoaren alde egiten jarraitzen dugu.

Horretarako, Bionekazaritza Araba ekoizle ekologikoen sarean oinarritzen gara beti.

OSAGAIAK (4 pertsonarentzat)

  • Bi boniato handi
  • Tipula bat
  • Kale hostoak
  • Mingrana bat
  • Beganesa prestatzeko:
    • 80ml soja-esne
    • 240 ml ekilore olio
    • Modena ozpin txorrotadatxo bat
    • Albaka hostoak
    • Gatza eta piperbeltza

PRESTAKETA

  1. Boniatoak garbitu eta erditik moztu. Erretilu bat koipeztatu eta boniatoak jarri; erretilua labean sartu 30 minutuz 180 gradutara. Batataren lodieraren arabera, denbora gehiago beharko du. Laban baten laguntzaz, bigun daudela egiaztatu.
  2. Tipula zuritu eta zatitu, zartagin batean frijitu su ertainean. Kalea edo gure gustokoak diren barazkiak aukeratu, garbitu eta moztu. Tipula erregosiari gehitu eta, egindakoan, zartagina sutik kendu.
  3. Saltsa prestatzeko, irabiagailuan soja-esnea, olioa eta ozpintxorrotada jarriko ditugu. Beganesa mamitzen hasten denean, irabiagailuren abiadura handituz joango gara. Gatza, piperbeltza eta zurtoinik gabeko albaka-hostoak gehitu. Aukeran, limoi tanta batzuk bota, gure gustukoa izanez gero.
  4. Boniatoak labetik atera. Koilara baten laguntzaz, barruko haragia atera eta tipula eta kale frijituarekin nahastu. Gatza eta piperra bota.
  5. Platerera! Boniatoak egindako nahasketarekin beteko ditugu. Mingrana-haziak gehitu, eta bukatzeko albaka-beganesarekin lagundu.

On egin!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide