Errezetak

Porru erreak gaztainekin

Erabiltzailearen aurpegia Museo del Organo 2020ko mar. 7a, 06:00

Otsailean zehar porrua izan da protagonista Museo del Organo jatetxe begetarianoan, eta errezeta goxo bat eskaini diote ALEAri Eneko Rodriguez sukaldariaren eskutik: porru erreak gaztainekin.

Museo del Organo jatetxe begetarianoan hilero Arabako produktu bat ikustarazteko saiakera egiten dugu. Hilabete osoan zehar, aukeratutako produktua egunero aurkitu daiteke gure menuetan, era desberdinetan prestatua.

Baina produktuez gain, ekoizleek egiten duten lana ere eman nahi dugu ezagutzera. Gure kolaboratzaileak Arabako Bionekazaritzako sareko kideak dira, eta nekazaritza ekologikoaren alde egiten dute apostu.

Otsailean zehar, porrua izan dugu protagonista; eta kasu honetan, Arrik, Padura Baratzatik (Gopegi), ekartzen dizkigu porruak.

Ohitura hartuta, astero barazki tinbalak eta antzerako elaborazioak eskaini ohi ditugu gure jatetxean; eta otsailean, porru erreak gaztainekin hainbat aldiz prestatu ditugu.

Arrakasta ikusirik, zuek ere etxean egin ahal izan dezazuen, hona hemen gure errezeta. Gustuko izan dezazuen espero dugu. On egin!

OSAGAIAK (4 lagunentzat)

  • 6 porru
  • Tipula erdi
  • Bi berakatz ale
  • Apio txorten bat
  • Bi azenario
  • Piper berde bat
  • Piper gorri bat
  • 100 gramo gaztaina fresko zuritua
  • Gatza, piper-hautsa eta perrexila

PRESTAKETA

  1. Barazkiak zuritu eta moztu; tipula, berakatza, apioa eta piperrak brunoise erara moztu. Azenarioak ilargi erditan, porruak tontortxoetan eta gaztainak laurdenetan.

  2. Lapiko bat olioarekin sutan jarri eta barazkiak hasi erregosten, gogortasunaren arabera, ondorengo ordenean: berakatza, tipula, apioa, gaztaina, azenarioa, piperrak eta azkenik, porruak.

  3. Labea 180 gradutan berotu eta barazkiak erdi erregosiak ditugunean, labeko erretilu batean jarri.

  4. Erretilua 180 gradutan laberatu, barazkien goiko azala txigortu arte.

  5. Gatza eta pimenta jarri, bakoitzaren gustuaren arabera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide