Iritzia

Zero

Erabiltzailearen aurpegia Mitxel Elortza Exea 2026ko uztailaren 22a

Maider Etxebarria Gasteizko alkatea. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

"Euskararen aurkako jarrerak eta Espainiaren gorazarrea, eskuinetik zein ezkerretik"

Uda lasaia izaten da politikagintzan. Oporrak, bidaiak, auzo eta herrietako jaiak... Zoritxarrez, aurten polemikaz polemika politikak oso presente jarraitu du gurean: selektibitateko zeroen afera, Espainiako selekzioaren partidak ikusteko pantaila erraldoiak...

Euskararen aurkako jarrerak eta Espainiaren gorazarrea. Eskuinetik zein ezkerretik.

PSOEko ordezkariek sarritan esan ohi dute haiek ez direla borroka identitarioetan sartzen, ez-nazionalistak direlakoan, eta lehentasuna politika sozialei ematen dietela. Egunotan, aitzitik, bandera espainola harrotasunez astindu eta espainiar nazionalismoa lotsarik gabe aldarrikatu dute. Eta ez hori bakarrik: diru publikoa arlo sozialera bideratu beharrean, euren agenda identitarioa sustatzeko erabiltzen ari dira.

Gasteizko alkatea, esaterako, prentsaurreko batean hooligan espainiar baten gisara agertu zen, Espainiako selekzioaren elastikoa soinean. Gasteiztar guztiak ordezkatzen dituenaren itxurak beste egun baterako utziko ditugu. Trikornioa baino ez zitzaion falta; baina, egia esan, ez litzateke lehen aldia izango.

DJak, pantaila erraldoiak... "ez-nazionalista" hauen festa identitarioak nonahi. Eta, bitartean, eskuin muturra pozarren.

Horren guztiaren erdian, inkesta esanguratsu bat argitaratu berri da: Euskal Herriko zazpi herrialdeetako herritarren %60k euskal selekzioaren ofizialtasuna babesten dute. Noiz hasiko dira Espainiako alderdiak euskal gizartearen gehiengoaren nahia errespetatzen?

Bien bitartean, Etxebarria anderea, gasteiztar hiritar gisa, zero jartzen dizut. Gasteizko euskaldunok bigarren mailako herritar gisa tratatzeagatik; gure hizkuntza sistematikoki baztertzeagatik; instituzioak espainiar nazionalismoa sustatu eta normalizatzeko erabiltzeagatik; eta, azken batean, eskuin muturraren diskurtsoa elikatu eta euskal gizartearen gehiengoaren nahia behin eta berriz mespretxatzeagatik.

Mitxel Elortza.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago