Gizatasun eta elkartasun uneak jipoi eta tentsio bilakatu dira. Berotasuna bai, baina kolpez kolpe emandakoa. Hau da Ertzaintzaren jokabidea. Eta, zoritxarrez, ez da kasu isolatu bat.
Urteak daramatzagu ikusten Ertzaintzaren ibilbidearen "Jusapolizazio" kezkagarria. Arrazismoa, bortizkeria. Eta herritarren Polizia izan behar lukeenak ultren gotorleku.
Hauteskunde sindikalei erreparatu besterik ez dago. Beste Polizia eredu bat aldarrikatzen duten bakarrak desagertzear (ELA). Ertzainas en Lucha babestu zuen sindikatu ultra (Euspel), aldiz, lehen indarra.
Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak ezer gutxi egin du egoera irauli eta irtenbidea bilatzeko herritarren eta Poliziaren arteko arrakala gero eta nabarmenagoari.
Polizia demokratikoa, euskalduna, burujabea, prebentiboa eta ez zigortzailea aldarrikatzen dugu herritar askok. Horretarako funtsezkoa da komunitatean integratuta egotea, eta baita auzoa eta herritarrak ezagutzea ere.
Baina... zein da egungo egoera? Bazterketa egoeran dauden pertsonen erabilera eta kriminalizazioa, indarkeria eta mehatxuak Errekaleorren, biolentzia neurrigabea Flotillako kideen aurka, karga eta erasoak Alaveseko adin guztietako zaletuen aurka...
Prebentiboa behar lukeena, punitiboa. Euskalduna ordez, zeharo erdalduna. Herritarrena baino, herritarren aurkakoa. Eta komunitatean integratuta egon beharrean, komunitatearen aurkakoa.
Bada garaia guzti honen inguruan hausnarketa sakona egiteko. Kritika sakonez harago, irtenbideak dira urgentziaz behar ditugunak.
Euskaraldiaren leloa dakarkit guzti honek gogora: hitzez ekiteko garaia da. Ea halaxe den. Diskurtso eta eztabaida antzuen aurrean, konpromisoz ekitekoa, alegia. Ekin, bada.
Mitxel Elortza
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.