Korrikako ajea behin pasata, beti bezala, balorazioa egiteko eta hausnartzeko parada hartu dute batek baino gehiagok.Batzuek pluraltasun falta eta betoak salatu dituzte. Beste batzuek, aldiz, azken mezua irakurri zuten zazpi pertsonak sigla batzuekin oso lotuta daudela. Betiko komunikabide euskarofoboek ere ez dute denborarik galdu AEK erasotu eta Korrikaren zilegitasuna zalantzan jartzeko.
Datu objektiboak aztertuz gero, aitzitik, Korrikaren arrakasta oso nabarmena izan dela ondoriozta dezakegu. Bilboko kaleak txiki geratu ziren eta Korrikaren emanaldiak milioi bat ordutik gorako jarraipena izan zuen EITBren euskarrietan. YouTube kanalean 2.000.000 ikustalditik gora izan zituen zuzeneko seinaleak, eta 200.000 inguru ETB ON plataforman. Telebistan ere datuak paregabeak izan dira: 543.000 ikus-entzulek egin zuten bat ETB1en eta ETB1 ON-en Korrikaren inguruko emanaldiekin.
Politikari, sindikatu eta hedabideez haratago ere askotarikoak dira hausnarketak. Korrikan parte hartu duten baina egunerokotasunean euskaraz hitz bakar bat ere esaten ez dutenen parte hartzea kritikatzeko esaterako. Edota baita lasterketaren izaera aldarrikatzailea folklorismoaren mesedetan bigarren planoan ez ote den geratu zalantzan jartzeko ere.
Zaila da lerro bakar batzuetan iritzi guzti hauen inguruko hausnarketa zintzoa egitea, baina eztabaidak eztabaida, ukaezina da zatituta dagoen hizkuntza eta herri honi kohesioa ematen diola lasterketak. Euskara gara. Eta hala sentitu dugu milaka zorok 11 egunez. Gainera, oldarraldi eta mehatxu guztien aurrean, euskalgintza batu eta indartzeko ezinbesteko mobilizazio kolektiboa izan da Korrika.
Txarra kenduta, dena ondo esaldia baliatuko dut hausnarketa eta kritika guztiak laburbiltzeko. Utz ditzagun alde batera euskaltzaleon arteko tirabirak eta abiatu gaitezen denok euskararen aurkako erasoei erantzun irmoa ematera. Lasterka egin barik, baina gelditu gabe. Herria aktibatuta dago, ez dezagun aukera galdu. Gure onena ateratzea merezi baitu euskarak.
Mitxel Elortza.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.