Urtarrilaren 21eko Tribuaren berbak saioan aipatu zuten gazte euskaldunen ehunekoa %22tik %58ra igo dela. Datuak, bere horretan entzunda, baikortasunerako tarte handia ematen du: gazteen artean euskarak osasun ona duela pentsa liteke. Baina zenbakien atzean dagoen errealitatea askoz konplexuagoa da. Gako oso interesgarriak mahaigaineratu zituen saioak: gazteak entzun beharra, haien ikuspuntua, eredu eta erreferenteen garrantzia, eremu ez formalaren papera euskararen etorkizunean, euskañol/frantseuskararen eztabaida...
Ezagutza hartu dugu abiapuntu. Halere, horrez gain, erabilera eta hizkuntza-erraztasuna ere aintzat hartzea beharrezkoa da egungo egoeraren argazkia osotasunean ulertzeko. Gainera, euskararen bilakaera ez da uniformea lurraldez lurralde, ezta adin tartez adin tarte ere.
Lurraldeei begiratuta, aldeak nabarmenak dira: Araban, esaterako, gazteen %65 da euskalduna; Nafarroan ia hirutik bat; eta Ipar Euskal Herrian, hamar gaztetatik bi baino ez. Araban azken hamarkadetako hazkundea ikusgarria izan den bitartean, Ipar Euskal Herrian duela 30 urteko datu beretsuetan gaude oraindik.
Baina kezkagarriena ez da zenbat gazte diren euskaldunak, baizik eta nola moldatzen diren hizkuntzan. Gaur egun, gazte euskaldunak dira erdaraz euskaraz baino hobeto moldatzen direnak. Adinak gora egin ahala, joera hori alderantzikatu egiten da: euskaraz erosoen moldatzen diren elebidunak 65 urtetik gorakoak dira. Azken 40 urteetan, euskaraz ondo moldatzen diren elebidunen ehunekoa zortzi puntu jaitsi da.
Paradoxikoki, eta datu horiek gorabehera, gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak. Adin tarte guztien artean, eurek dute erabilera portzentajerik handiena. Euskaraz errazago moldatu gabe ere, euskarari eusten diote egunerokoan. Horregatik, ñabarduraz irakurri beharreko datuak dira hauek. Ez baikortasun itsurako, ezta ezkortasun paralizatzailerako ere. Baina bai ondorio argi baterako: gure gazteak zoriontzeko moduan gaude. Erdaraz erosoago aritu arren, euskaraz gehien hitz egiten dutenak direlako.
Mitxel Elortza.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.