Begoña Pedrosak maiatzaren 30ean iritzi zutabe batean Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa eta erantzukizuna goraipatu zituen, baita hezkuntzak egungo gizartean duen garrantzia ere. Lerro batzuk idatzi bai, baina asteburuan ez du negoziatzeko inolako borondaterik izan, sindikatu batzuek prestutasuna adierazi zuten arren. Konpromisoa ekintzekin erakusten da eta ez hitzekin. Ekintzek, aldiz, zera diote: jarraipen batzordearen batzarra bertan behera utzi eta grebak deskonbokatzea eskatzen duela Eusko Jaurlaritzak, inolako bermerik eman gabe. Iritzi zutabeak idatzi ordez negoziatzen egon izan balira, baliteke oso bestelakoa izatea egungo egoera. Negoziazioak ezin dira azken unerako utzi, milaka familia eta irakasle erabakitzen denaren menpe baikaude. Pasa den astelehenean, zer gertatuko zen jakin gabe oheratu ginen, eta goizean goiz eduki genuen bileraren nondik norakoen berri. Aste honetan are okerrago, zuzenean ez baita ezta negoziatu ere egin.
Guraso eta irakasle naizen heinean, askotariko mezuak irakurri edo entzun behar izan ditut egunotan: zuen aldarrikapenekin bat egiten dugu baina... ea non geratzen den ikasleen hezkuntza eskubidea, galdutakoa nola berreskuratuko ote den, kontziliazioa...
Bereziki ederra izaten ari da kantuan eta dantzan sortu dugun giroa
Komentario eta hitz hauek ez dira fede txarrez eginak, ziur. Baina egun bizi dugun indibidualismoaren isla baino ez dira. Batzuei ahaztu egiten zaie ikasleen hezkuntza kalitatearen alde borrokan ari garela eta egoera hau guztiontzat zaila dela, baina gerora gure ikasle eta seme-alabek etorkizun hobe bat izan dezaten ari gara borrokatzen. Irakasle eta guraso garenontzat greba egunak ere kontziliatzeko konplexuagoak dira, eguneroko errutina eta ordutegietatik ateratzen gara eta: piketeak, zutabeak, manifa, bilerak... Ez dira opor egunak, soldata kentzen digute eta ohi baino nekatuago amaitzen dugu eguna. Baina zinez, borrokak merezi du.
Gainera, auzoa egiteko probestu ditugu grebak Ariznabarra eta Zabalganeko irakasleok. Auzoko eskolak batu eta lankidetzan aritu gara: bilerak egin ditugu greba egunak antolatzeko eta egun osoko egitarauak prestatu ditugu. Bereziki ederra izaten ari da kantuan eta dantzan sortu dugun giroa. Borrokarako grina ilusio bilakatuz, haur eta helduak aldarrikapenez jositako abestiez irribarretsu dantzan eta kantuan jarriz. Funtsean, gure bokazioa kalean gizarteratuz.
Eta gatazka hau konpontzean bazkari eder batekin ospatuko dugu borroka bidelagun berriekin. Kantuan hasi zena, kantuan amaituz. Kantatzen duen herria ez baita inoiz hilko.
Mitxel Elortza.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.